Ordu laurdeneko atzerapenarekin hasi da 18. Korrikako hasiera ekitaldia. Jendez bete da Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkea. Eguraldi txarra egin arren, horrek ez ditu euskalzaleak kokildu, eta 16:30ak pasatxo hasi da lekukoa lehen kilometroak egiten. Kultur Parketik atera eta Andoainen barneratu da, atzean ozen "ttipi-ttapa, ttipi-ttapa, Korrika" oihuaren oihartzuna utziz.
Dani Arizala irrati esatariak egin ditu aurkezpen lanak hasiera ekitaldian. Hizkuntza normalizazioa aldarrikatu du Oskar Elizburuk. "Horregatik diogu ozenki, 'eman euskara elkarri' ", esan du. Hori da, hain zuzen, aurtengo leloa, eta euskara ikasleei eskaini diete. Datozen egunetan BERRIAk horien testigantzak argitaratuko ditu, eguneko kronikarekin eta hainbat lagunen iritziekin batera.
Deia, administrazioei
"Ez daukanak ere aukera eman behar dio erabili nahi duenari", esan dute. Euskara jakiteak ikasten duenari mesede egiteaz gain, ingurukoei ere mesede egiten diela argudiatu dute, euskaraz aritzeko aukera eskaintzen duelako. Administrazioei, horregatik, euskara ikasteko erraztasunak eskatu dizkiete.
Martin Ugalde Kultur Parkeko langileek abiatu dute Korrika. Baionara arte 2.587 kilometro izango dira. Gipuzkoan lehen kilometroak egin ondoren, bihar Nafarroan sartuko da Korrika eta arratsaldean Iruñera iritsiko da; asteburuan Maulera eta Donibane Garazira.