Isolatzeko erabiltzen zuten amiantoa, “goilaretan, labeetan eta arropetan”, eta enpresak soilik paperezko maskara bat ematen zien babesteko: “80ko hamarkada erdialdean hasi ziren neurri horrekin, eta arriskuen ebaluaketa egin zuten, baina ez ziguten esan amiantoak minbizia sor zezakeenik”.
Horrela mintzatu da Tubos Reunidoseko (Amurrio, Araba) langile ohia. Hogei urtetik gora lan egin du enpresa horretan, eta, orain, biriketako karzinoma dauka. Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen arabera (Osalan), enpresan amiantoarekin lan egitearen ondorioz pairatzen du gaixotasun hori.
Gaixoak auzitara jo zuen kalte-ordain eske, enpresari “indarrean dauden prebentzio neurriak ez betetzea” leporatuta. Hasieran %50eko saria exijitu zuen arren, %30ekoa jasoko du azkenik.
Enpresaren desadostasuna
Enpresak aitortzen du minbizia amiantoaren ondorioa dela, baina ez dago ados erabakiarekin: “Garai hartan ez zegoen debekatuta; ez zegoen amiantoaren erabilera neurtzen zuen araurik”.
Amiantoaren biktimen euskal elkartearen aburuz, zigor horrek etorkizunean “neurri prebentiboak” betetzen lagun dezake: “Bere garaian neurriak hartu izan balira, denentzat errentagarriagoa litzateke; bereziki, biktimentzat”.