Arabako Tubos Reunidos eta Condesa enpresak bateratzeko akordioak altzairuzko hodien sektoreko multinazional handia eratuko du. Talde berriak 1.625 milioi euroko salmentak izango ditu aurten, 4.200 langile, hamazortzi lantegi, eta 145 milioi euroko etekin garbiak espero ditu.
Aurreko eguneko zurrumurruak albiste bihurtu zituzten Tubos Reunidosek eta Condesak, atzo eguerdian. Azkenean, biak batzeko akordioa lortu dute. Horren bidez altzairuzko tutuak eraikitzen dituen Europako bigarren taldea eratuko da, eta munduko seigarrena, ekoizpen ahalmena kontuan hartuta. Espainiako Burtsan kotizatzen duen industria arloko bigarren konpainia izango da, gainera.
Bat-egitearen prozedura ere hitzartu dute bi konpainiek. Hala, Tubos Reunidosek Condesa azpiratuko du. Trukean, Condesako jabeek, Iribecampos-Uribarren familiak, sortuko den talde berriko akzioen %36,25 eskuratuko dute, eta kopuru hori %40,1eraino handitzeko eskubidea izango dute. Condesak Tubacexen zuen zatia, %18 inguru, konpainia berriaren eskuetan geratuko da.
Akziodunak integrazio prozesuaren onurak aurten jasotzen hasiko direla adierazi dute Tubos Reunidosek eta Condesak. Izan ere, akzio bakoitzeko etekina %20 handituko dela kalkulatu dute. Halaber, 2009. urtea arte 10 milioi euro aurreztuko dituzte bi konpainiek bat eginik.
SEI LANTEGI EUSKAL HERRIAN. Egoitza nagusia Araban dute bi enpresek. Batu ondoren, sei lantegi izango dituzte Euskal Herrian. Bi Araban (Amurrio eta Legutio), hiru Nafarroan (Berrioplano, Zalain eta Iruñea), eta bat Bizkaian (Trapaga). Beste hamabi izango dituzte Europan eta Ipar Afrikan.
Eratuko den taldeak 4.200 langile izango ditu. Tubos Reunidosek eta Condesak aurreratu dute batzeko ekimenaren ondorioz ez dela lanposturik deuseztatuko. «Ez da espero kontrako ekintzarik lantoki, produktu, prozesu edo langileei dagokienean».
Tubos Reunidos 1892. urtean sortu zen, Amurrion (Araba). 40ko hamarkadatik soldatu gabeko hodien sektorean aritu da batez ere. Alor horretan, gaur egun, mundu mailako merkatu kuotaren %2 dauka, eta Europan, %10. Condesak, berriz, soldatutako altzairuzko tutuen merkatuan lan egiten du. Esparru horretan liderra da Europan, %15eko kuotarekin. Taldea 1954. urtean sortu zen, eta duela hiru urte jauzi handia eman zuen, Arcelorrek Europan zituen tutu lantoki guztiak erosi eta gero.
SIDENORREN KALERATZEAK. Bestalde, ELAk salatu du Sidenor metalgintza taldeak 476 lanpostu deuseztatu nahi dituela, horietatik 381 Euskal Herrian. Kaleratze horiek gauzatzen badira, besteak beste, Gasteizko lantegiaren «azkena» litzateke, ELAren aburuz.
Tubos Reunidosek eta Condesak bat egin, eta altzairuzko hodien multinazionala sortuko dute
Operazioari esker, akzio bakoitzeko etekina %20 handituko dela ziurtatu dute bi konpainiek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu