TURISMOA. UDAREN BILAKAERA. Bidaia gutxiago ez, baina bai merkeagoak

Oporrak Euskal Herritik kanpora igaro nahi dituztenek ohiko lekuak aukeratu dituzte. Egonaldiak murriztuz edo azken orduko eskaintzak bilatuz saiatu dira bidaiak merkatzen.

MIKEL PERUARENA - ENEKO BIDEGAIN
2008ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Aurten asko nabaritu da jendeak azken orduko eskaintzei itxaron diela», dio Cristina Salazarrek, Gasteizko Ecuador bidaia agentziaren bulegoko langileak. Bilboko Aguirre bidaiak agentziako Ana Arsuagak ere nabaritu du jaitsiera: «Ez gutxiago saldu dugulako, merkeago saltzeagatik baizik». Azken orduan ez direla eskaintza merkeegiak sortzen adierazi du Salazarrek, jendeak kontrakoa pentsatzen duen arren.

«Krisia egon arren, jendeak bidaiatu egiten du», Salazarrek dioenez. Euskal herritarrek ez diote bidaiatzeari utzi, baina bidaia merkeagoak bilatu dituzte aurten. Oporretako egonaldia murriztu du askok. «Jendea, hamabost egunerako joan beharrean, zortzi egunerako joan da», Arsuagak dioenez, «edo, 70 euroko hotel bat aukeratu beharrean, 50 euroko beste bat aukeratu du». Salazar ere iritzi berekoa da: «Aurten jendeak prezioari begiratu dio; dirua duenak beti dauka dirua eta beti egongo da behar dena ordaintzeko prest, baina jendearen %90en oporretako lekua bere aurrekontuak baldintzatzen du».

Aurretiazko salmenta eta erreserbetan nabaritu da alde handiena aurreko urteekin, eta abuztuan salmentak zerbait gora egin badu ere, Arsuagari kosta egiten zaio aurten zer gertatzen ari den ulertzea: «Abuztuan normalean goraino beteta dauden hotelak, irletakoak edo kostaldekoak adibidez, %60raino bakarrik bete dira, baina gero, lekua galdetzen hasten garelarik, askotan beteta daude». Oraindik atzeraldi ekonomikoaren eragina gutxi nabaritu dela uste du Arsuagak. «Uste dut datorren urtea askoz ere gogorragoa izango dela, ez guretzat bakarrik, orokorrean».

Bidaia «klasikoak»

Eroski Bidaiak agentziako Rafael Hernandezek bestela ikusten du aurtengo denboraldia. «Badakigu beste agentzia batzuk sufritzen ari direla salmenta aurreikuspenetara heltzeko, baina ez da gure kasua». Erreserbak ondo joan direla eta bidaia merkeak erraz saldu direla dio Hernandezek. Ordainketa atalka egiteko eskaria handitu dela nabaritu du, hala ere.

Euskal herritarrek bidaia «klasikoak» aukeratu dituzte aurten: Herrialde Katalanetako kosta, Andaluzia (Espainia), Kanariar Uharteak... Europarako hiriburuetarako bidaia dezente saldu dituztela ere nabarmendu du Hernandezek, baina aurten, bereziki, AEBetarako bidaien salmenta hazi da, New Yorkerakoak bereziki.

Salazarrek, ordea, Europarako bidaia gutxiago saltzen ari direla azaldu du. «Europa oso garestia da azkenean, bai hegaldiengatik, bai hotelengatik eta bai han gastatzen denagatik». Gertuago dauden lekuetara bidaiatzea eta egonaldia laburtzea erabaki du askok, Salazarren iritziko: «Europara edo Karibera joan ordez, bidaia luzeak egin ordez, Iberiako Penintsulako lekuetara joan da jende asko».

Arsuagaren arabera, udan irla batera edo itsasertzera joateko bidaiak hartzen dituzte euskal herritarrek. Salazarrek argitu du ez dagoela gauza berriak asmatzeko aukera handirik. «Mundua dena da, batzuetan leku batzuk modan jartzen dira edo beste batzuetara joatea ezinezko bihurtzen da, arazoak sortu direlako, baina bidaiatzeko eskaerak ez dira asko aldatzen».

Aste honetan jende asko pasatzen ari da Gasteizko Ecuador bidaia agentziaren bulegotik. «Gasteizko festak bukatu dira eta jendea aspertua dago, kar, kar», esan du Salazarrek. Azken orduko pagotxaren baten bila dator asko, «baina batzuetan jendeak ezinezko gauzak eskatzen ditu», Salazarren hitzetan, 300 euro ordainduta irla batera joatea adibidez. «Hori ezinezkoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.