Nafarroa Oinez ospatuko dute bihar, Tuteran, Argia ikastolaren eskutik. Ikastetxeko kideak prest dira haiekin bat egingo duten herritarrak hartzeko. Lau gune izango dituen ibilbidea prestatzen aritu dira 2.000 pertsona inguru, eta bihar ere horiek ariko dira dena ongi joan dadin buru belarri lanean. 100.000 pertsona inguru espero dituzte: "Denen laguntza behar dugu aurrera egin ahal izateko", nabarmendu du ikastolako presidente Susana Suarezek.
Oinez festaren bidez bere egoera ekonomiko kaskarra arindu nahi du Argia ikastolak. Nafarroako Gobernuak eremu ez-euskalduntzat jotzen du Erribera, eta ikastola hor izateak badu eraginik. "Laguntzarik ez dugu garraiorako eta jantokirako, adibidez", azaldu du ikastetxeko zuzendari Anika Lujanek. DBHko behin betiko baimena lortzeko, gainera, kiroldegia eraiki behar izan zuen zentroak, eta inbertsio horren zama gurasoek hartu behar izan zuten haien bizkar. Horren ondorioz, okerrera egin du ikastolaren egoera ekonomikoak. "150 familia baino ez gara, eta guk bakarrik ezin dugu euskara Erriberan garatzeko konpromisoa aurrera eraman; Euskal Herri osoaren laguntza behar dugu", berretsi dute Argiako arduradunek. 215 ikasle, 22 irakasle eta beste 15 langile ditu Argia ikastolak, gaur egun.
Sei kilometro
Tuterak euskal herritarrak behar ditu aurrera egiteko, eta 10:15ean zabalduko dute herritar ororentzat sei kilometrotako ibilbidea, oinez, bidea egiteko. Tuterara, baina, autobusez joateko eskatu dute ikastolako kideek. Geltokitik ibilbidera autobus zerbitzua izango da, doan.
Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza ere espero dute Tuteran.
Ibilbide birtuala
Argia Ikastolarekin elkarlanean aritu nahiez gero, modu errazean egin daiteke, zirkuituko 6000 metroetako bat erosiz. Metroaren prezioa 40€ koa da. Erosten den metro bakoitzak Argia Ikastolaren bideragarritasun ekonomikoa ziurtatzen lagunduko du.