Tuterako auzipetuek esana gezurtatu dute lekukoek

Auzipetuek diote hilketaren gauean lotan zeudela; lekukoek, haatik, tabernetan ikusi zituztela deklaratu dute

Erredakzioa
Iruñea
2012ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Tuteran (Nafarroa) gizon bat hiltzeagatik auzipetuta dauden hiru gizonek esandakoa gezurtatu zuten atzo Nafarroako Lurralde Auzitegian deklaratu zuten zenbait lekukok. 2010eko apirilaren 11n, Javier Martinez Llorten aurkako erasoa gertatu zenean, lotan zeudela esan zuten herenegun hiru auzipetuek. Ordea, lekuko batzuek atzo berretsi zuten Tuterako tabernetan ikusi zituztela auzipetuak gau hartan.

Lanetik kanpo zegoen foruzain batek deklaratu zuen 02:30 eta 03:30 bitartean auzipetuetako bat (A. G.) ikusi zuela taberna batean, eta, ondoren, 05:20ean, diskoteka bateko kanpoaldean eserita. «Bakarrik zihoan, eta deigarria iruditu zitzaidan». Atezain batek gogorarazi zuen auzipetu hori bera berak lan egiten zuen tabernan sartzen saiatu zela 01:00 eta 03:00 bitartean, eta istiluak sortu izan dituela gaineratu zuen. Beste lekuko batek K. H. eta M. K. auzipetuak ikusi zituela azaldu zuen atzoko deklarazioan; 03:00 aldera izan zen, Martinez Llorten aurkako erasoa gertatu baino ordu eta erdi lehenago.

Babestutako hiru lekukok ere auzipetuen argudioak gezurtatu izana nabarmendu zuen fiskalak. Lekuko horietako batek erasoa gertatu zen lekuan ikusi zituen auzipetuak, eta beste batek erasoari buruz hitz egiten entzun zituen, fiskalari kontatu ziotenez.Bi lekuko horiek albistea hedabideetan agertu aurretik Poliziara jo zuten. Bestetik, babestutako hirugarren lekukoak fiskalari azaldu zion auzipetuak eta Martinez Llort erasoa gertatu zen lekuan ikusi zituela eta «zerbait arraroa» gertatzen ari zela.

Martinez Llorten amak, neskalagunak eta lagunek ere deklaratu zuten atzo. Lagun batek ezbeharraren egunean gertatutakoa ekarri zuen gogora. Ribaforadan (Nafarroa) egindako afarian zein Tuteran alkohola edan zuten arren gau osoan inorekin arazo bakar bat ere ez zutela izan nabarmendu zuen. Martinez Llortekin 05:00 arte egon zen lagun hori.

Erasoa gertatu zen lekua etxerako bidean egotea azpimarratu zuen Martinez Llorten bikotekideak. «Ondo baino hobeto zekien nora zihoan: etxera». Bide batez, gaineratu zuen mutil-laguna zenak sekula ez zuela inorekin liskarrik izan eta agur esan zionean «oso pozik» zegoela. Amak ere nabarmenduzuen ez zela eztabaidetan sartzen, eta pertsona «osasuntsua» zela gaineratu zuen.

18 urte eta sei hilabete

Fiskalaren txostenaren arabera, hiru auzipetuek Martinez Llorti dirua eskatu zioten, eta, ez zienez eman nahi izan, egur batekin eraso egin zioten. Gero, sakelako telefonoa lapurtu zioten. Hemezortzi urte eta sei hilabeteko zigorra eskatu du hirurentzat fiskalak, heriotzarekin zerikusia izateagatik. Homizidioa eta indarrezko lapurreta egozten die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.