Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, gaur goizean 85 urteko pertsona bat hil da Tuterako Elola igerilekuan. Foruzaingoa eta Udaltzaingoa igerilekura joan dira zer gertatu den ikertzeko asmoz. Nafarroan igerileku batean aurten hiltzen den bigarren pertsona da. Lehenengoa Ribaforadako 12 urteko haur bat izan zen, eta uztailaren 14an hil zen.
Euskal Herrian bi horiei uztailaren 5ean Ortuellako igerilekuetan, udalekuetan zela, hil zen zortzi urteko haurra gehitu behar zaie. Senpereko aintziran, gainera, uztailean gizonezko bat hil zen, lakua zeharkatzen ari zela; 74 urte zituen eta Rodezeko (Okzitania) apaiza zen.
Euskal Herriko hondartzetan, hiru hildako
Atzo, gainera, Legardako 18 urteko gazte bat Benidormeko hondartza batean hil zen. Arratsaldean gertatu zen ezbeharra, igerian ari zela bihotzekoa jasan ondoren. Zizurren ikasten zuen, eta gabarroiera heltzeko ari zen igerian.
Hondartzetan ere badira batzuk uda hasi zenetik hil direnak. Mutrikun 48 urteko gizon bat hil zen uztailaren 14an, eta aurreko astean beste bi lagun hil ziren: asteazkenean, bainua hartzen ari zela gazte bat hil zen Zarauzko hondartzan, eta ostiralean bainua hartzen ari zela hori ere, gizon bat hil zen atzo Bakioko hondartzan.