Hasieran, asteazkenean Tuteran izandako leherketa gasak eragin zuela zabaldu zen, nahiz eta Foruzaingoak zehaztu "hipotesi guztiak" ikertzen ari zirela. Gaur, ordea, aukera hori baztertu du Nafarroako Gobernuko eledunak. Ana Olloren arabera, orain "beste aukera batzuek" hartu dute indarra; horietako bat litzateke hildakoak berak eragin izana leherketa, substantzia kimikoak manipulatzen ari zela.
Goizaldeko bostak inguru zirela gertatu zen eztanda, Tuterako Fuente Canonigos kaleko 24. zenbakian. Leherketaren ostean, sua piztu zen etxean, eta eraikina ia erabat hondatu da. Udaltzaingoak baieztatu duenez, bikote bat eta haren haurra bizi ziren etxean, eta oporretara joatekoak ziren egunotan. Hasieran, desagertutzat eman zituzten hirurak, baina berehala baieztatu zuten ama eta haurra onik zeudela. Ordea, aita etxean zen eztanda gertatu zenean.
Leherketaren hedatze uhinak kalte material handiak eragin ditu lehen solairuko beste hiru etxeetan ere. Leherketa izan den etxebizitzako horma zatiak kalera erori dira, eta kalte egin diete inguruan aparkatutako bost ibilgailuri; haietako batek su hartu du. Horretaz gain, inguruko merkataritza gune bat ere kaltetu da.
"Tamalgarria"
Gertatutakoa "tamalgarria" izan dela nabarmendu du Jose Angel Andres jarduneko alkateak. Zehaztu du etxebizitza nahiko berria dela —hamar urte ditu—, eta, itxura guztien arabera, gasak eragin duela leherketa. "Bere esku dagoen guztia" egiteko prest agertu da zer gertatu den argitzeko. Helburu horrekin, jakinarazi du suhiltzaileen eta auzitegi medikuen esku utziko dituela herriko argiteria eta gas hoditeriaren planoak.
Andresek iragarri du udalak dolu ofiziala ezarriko duela susmoak berretsi eta leherketak hildako bat eragin duela egiaztatuko balitz.