Joan zen ostegunean Tuteran (Nafarroa) balkoitik erori zen emakumearen bikotekidea aske utzi du epaileak, erorikoa berak eragin zuela frogatzen duen arrastorik ez duelako aurkitu. Nafarroako Auzitegi Gorenak jakinarazi duenez, gizonezkoak errugabetzat aurkeztu du bere burua, eta emakumea balkoitik bakarrik erori zela adierazi du. Libre geratu den arren, astelehenero epaitegira joan beharko du.
Emakumea, 40 urtekoa, balkoitik ostegunean erori zen, 18:20 aldera, eta buruan kolpea hartu zuen. Espainiako Polizia bertaratu zen, eta anbulantziari dei egin zioten, emakumea Tuterako erietxera eramateko. Andrearen larritasuna ikusirik, Iruñeko ospitalera lekualdatu zuten, eta ordutik Zaintza Intentsiboko Unitatean dute, nahiz eta arriskutik kanpo dagoen.
13:00etan sartu zen gizonezkoa deklaratzera, eta hiru orduz egon zen han. Ezbeharra gertatu aurretik bikoteak eztabaida gogor bat izan zuela adierazi zuten bizilagunek, oihuak entzun zituztelako. Gizonak ere hori bera aitortu zuen epailearen aurrean; haren esanetan, eztabaidaren ostean emakumea bakarrik atera zen balkoira, eta erori egin zela adierazi zuen. Epaileak ez zuenfrogarik aurkitu adierazpenok faltsutzat hartzeko, eta gizonezkoa aske utzi zuen.
Hala ere, ikerketa ez dute itxi oraindik. Epailearen aburuz, emakumearen testigantza garrantzitsua izango da gertatu zena argitzeko. Dena den, andreak erietxean jarraitzen du, eta zentzua etorri bitartean ezingo da kasuarekin aurrera segitu.
Tuteran balkoitik eroritako emakumearen bikotekidea libre utzi du epaileak
Gizonezkoak errugabetzat jo du bere burua; epailearen aginduz, astero joan beharko du auzitegira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu