Korrikaren 16. ekitaldia gaur aurkeztu dute. Martxoaren 26an hasiko da Tuteran eta, bi mila kilometro egin ondoren, apirilaren 5ean iritsiko da Gasteizera. Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira izango da leloa. Horrekin Euskal Herrira etorri eta euskara ikasi eta transmititu dutenak omendu nahi dituzte. AEK-ko kideek"eskerrik zintzoena eman nahi" diete omenduei eta horiek egindako "ekarpena eta konpromisoa azaleratu familia oraindik ez euskaldunentzako eredu izan daitezen".
Ibilbidearen hasiera eta bukaera ez dituzte kasualitatez hautatu. Erriberan euskarak duen "egoera latza" dela eta, bertako euskaldun eta euskaltzale guztiei "errekonozimendua" erakutsi nahi die AEK-k. Gasteiz, berriz, ez da Korrika amaitu bederatzigarren ekitalditik, eta "garaia badela" diote antolatzaileek. Gainera, "barne eta kanpo migrazio gehien jaso duen hiria" delako hautatu dute Arabako hiriburua, leloa ezin aproposago atxikitzen zaiolako.
Bestalde, AEK-k Korrika Laguntzailea kanpaina abiaraziko du urtarrilean. Hamabi euroren truk, pin bat eta hainbat komertziotan beherapenak edukitzea ahalbidetuko duen txartela jarriko dute salgai. Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko euskaltegiak "bereziki" laguntzeko baliatuko dute bildutako dirua. AEK-ko euskaltegietan, Korrika Laguntzailea bereizgarria duten lekuetan edo www.korrika.org webgunearen bidez eskuratugai egongo da.
Euskara
Tuteran hasi eta Gasteizen bukatuko da Korrikaren 16. ekitaldia
Euskal Herrira etorri eta euskara ikasi eta transmititu dutenak omenduko 2009ko Korrikak. Martxoaren 26an hasiko da eta apirilaren 5ean amaitu, bi mila kilometro baino gehiago egin ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu