Alderdiei buruz sare sozialean gazteleraz egiten diren aipamenak kontuan hartuta EAJ da aipatuena; euskarazkoetan EH Bildu. Denak kontuan hartuta paretsuan daude. BERRIAk eta Elhuyarrek elkarlanean martxan jarri duten termometroaren datuak dira.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainan parte hartzen ari diren alderdien artean twitterren aipamen gehien izaten ari diren alderdiak EAJ eta EH Bildu dira. Euskarazko rankingean EH Bildu gailentzen da, eta gaztelerazkoan EAJ. Elkarrekin Podemosek ditu hirugarren aipamen gehien eta PSE-EE, PP eta Ciudadanos datoz haien atzetik, hurrenez hurren.
Guztiak ere aipamen neutroen jopuntu dira, batik bat. Gainontzekoetan, EH Bilduk aipamen baikorrak gehiago ditu ezkorrak baino, eta EAJk alderantziz.
BERRIAk eta Elhuyarrek elkarlanean martxan jarri duten plataforma digitalean ikusten dira datu horiek guztiak. Hauteskunde kanpainan alderdi politikoek eta lehendakarigaiek Twitter sare sozialean eta prentsa digitalean zer oihartzun duten eta zer balorazio jasotzen dituzten kontsultatu daiteke. Alderdi eta hautagaien oihartzuna, haiekiko atxikimendua eta arbuio maila grafikoki erakusten dute zenbait rankingetan eta denboraren araberako grafiko batean. Egin klik hemen termometro digitala ikusteko.