1968ko ekainaren 7an hil zuen Guardia Zibilak Tolosako Benta Haundin Txabi Etxebarrieta ETAko buruzagia, hark Jose Antonio Pardines guardia zibila hil eta ordu gutxira. Guardia Zibilak hildako lehenengo ETAko kidea izan zen Etxebarrieta . Handik 51 urtera, Etxebarrietaren senideek izapideak hasiko dituzte biktima gisa onartua izan dadin, Jaurlaritzaren motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko legearen baitan. Eskaera horren bidez, familiak bi helburu ditu: Txabi Etxebarrietak giza eskubideen urraketa jasan zuela aitortzea eta biktima gisa onartzea.
Etxebarrietaren sendiak eta Egiari Zor fundazioak nabarmendu dute bi arrazoik bultzatu dituztela Etxebarrietari biktima izaera eskatzeko prozedura hastera. Batetik, familiak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak 2016an txosten bat argitaratu zuela bizitzeko eskubidearen urraketei buruz, Memoriaren Udal Erretratuak, eta hor zalantzak zituela Etxebarrietan hilketaren inguruan. Honako hau jasotzen du txostenak: «Nahikoa argitu gabeko kasua da, eta gertatutakoaren inguruko bertsio kontrajarriak daude».
Bertzalde, 50 urtean lehenengoz, familiak dokumentazio ofiziala lortu du, orain arte ezezaguna zena. Familiaren hitzetan, dokumentazioak, kasua argitzen laguntzeaz gain, beren bertsioa defendatzen du: «Txabi menderatu eta armagabetu ondoren, exekutatu egin zutela». Dokumentazio hori aitorpen eskaerarekin batera bidaliko dute Balorazio Batzordeak ikertu eta aztertu dezan.