SATSEk gogorarazi du urte hasieratik larrialdi zerbitzuetako profesionalak lanez "gainezka" aritu direla lanean, eta pazienteen kopurua "etengabe" igo dela. Gaineratu du ohiko egoeraren parte dela erizain gutxi egotea 15:00etatik goizaldeko 02:00 arte, eta horren ondorioz, zaila dela larrialdi zerbitzura doazenak behar bezala artatzea.
Egoera horren aurrean, berehalako irtenbide bat eskatu du sindikatuak. Dioenez, ospitaleko zuzendaritzak "zortzi hilabete daramatza pazientzia eskatzen", ikertzeko zein faktore diren egoeraren eragile. Horrez gain, larrialdietan erizainen lantaldea handitzeko eskaera egin du.
Osakidetzak ohar baten bidez azaldu du larrialdi zerbitzuetako paziente kopurua ez dela nabarmen handitu; "%2,4 soilik, iazko epe berarekin alderatuta".