Sebastian Dadouret, Txalaparta Irratiko kazetaria Guardia Zibilak atxilotuta dauka oraindik. Hain zuzen, larunbatean atxilotu zuten, Hernanin, autobusean Donostiako Belodromora zihoala Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren (AAM) ekitaldira, AAMko kideekin eta nazioarteko delegazioko ordezkaritzarekin. Guardia Zibilak kontrola jarri zuen Galarretan eta hantxe atxilotu zuten hura. Dadouretek bere eserlekuan Zutabe aldizkariaren ale bat omen zeukan. "Terrorismoaren apologia" leporatzen diote.
AAMko kideek gaur Bilbon esan dute dakiten bakarra Dadouretek atxilotuta segitzen duela da. Laster pasatuko da Espainiako Auzitegi Nazionaletik.
Donostian beste bi lagun atxilotu zituen Ertzaintzak, liskarretan parte hartu zutelakoan. Biak libre geratu ziren atzo. "Kale istiluak" eta "autoritatearen aurkako erasoak" egotzi dizkiete.
AAMk ezin izan zuen ekitaldia egin larunbatean, Espainiako Auzitegi Nazionalak debekatu egin zuelako, "atzean" legez kanpo joa duten Askatasuna erakundea zegoelakoan, eta gero Eusko jaurlaritzako Herrizaingo Sailak eman zuen debekua. Juan Mari Olano AAMko kideak esan zuen hurrena plazaratuko dute Belodromoan aurkeztu behar zuten proposamena.
Gaur Julen Larrinaga AAMko kideak adierazi du "baldintza demokratikoen inguruko proposamena" egin behar zutela lehengo larunbatean, "gutxieneko puntuak" dituena konponbide politikorako prozesua martxan jartzeko. "Baldintza politikoak oraindik ere badaude baina baldintza demokratikoak ez, alde bat legez kanpo dagoelako, kolpatua eta jazartua, eta horra begirako proposamena aurkeztu behar genuen, gero beste eragileekin eztabaidatzeko".
Txalaparta Irratiko kazetariak atxilotuta segitzen du
Larunbatean atxilotu zuen Guardia Zibilak, Amnistiaren Aldeko Mugimenduaten ekitaldira zihoala nazioarteko delegazioko ordezkaritzarekin. "Terrorismoaren apologia" leporatzen diote, ustez ETAren 'Zutabe' bat zeukalako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu