Kanariar Uharteetara txalupetan ailegatzen diren etorkin batzuk hartzeko programa du Nafarroako Gurutze Gorriak. Uztaila eta abendua bitartean hartuko dituzte: hilero, hamar etorkin, Iruñeko bi pisutan. Hilabetean, gaztelania eta gure gizartean aritzeko jokabideak irakasten dizkiete. Eta, batez ere, gizarteak emanen dien «zartakorako» prestatzen dituzte.
«Gurutze Gorrian badugu etorkinendako lan burtsa», esplikatu du Kontxi Igeak, Gizarte Ekintzen arduradunak. «Enpresaburuek hona deitzen dute, langile eske. Baina txalupan etorritako hauek ez ditugu sorrera bideratzen ahal, ez baitute inolako baimenik».
Hori etorkinei ongi azaltzen ote dieten, horra galdera. Eta Macarena Eseberrik abokatuak baietz dio. Programako arduraduna da. «Egoteko baimena zer den, lan egiteko baimena zer den, beren egoera arautzeko moduak zein diren... Gutxika-gutxika azaltzen diegu dena, ezin baitzaie guztia lehen egunean eman. Txalupako bidaia egin ondoren, gutxika esplikatu behar zaie nolakoa den errealitate gordina».
«ZARTAKOA» EZ OMEN DUTE HARTU, ORAINDIK. Igeak erran du etorkinek badakitela ez dutela erraza izanen. «Baina ez dut uste imajinatuko dutenik guk dakigun guztia. Etorkinek zera ikusten dute: zuk ni kontratatu nahi nauzu; beraz, zuk paperak emanen dizkidazu. Baina kontua ez da horrela. Eta nahiz eta hori behin eta berriz esplikatu, lehenbiziko zartakoa hartu arte ez dute benetan ikusiko».
Kanariar Uhartera txalupetan ailegatu zirenek oso bidaia gogorra eta arriskutsua izaten dute helmuga lortzeko. Gero, hainbat egun ematen dituzte harrera guneetan. Eta zorionekoak dira Iberiako Penintsulara eramaten dituztenak. Beraz, Eseberriren hitzetan, egunotan Iruñean direnek ez dute oraindik errealitatearen zartako hori jaso. «Hil batez, eskolak dohainik jasoko dituzte, eta pisu batean dohainik bizi izanen dira. Haien herrikide batek pisu batean hartu eta alokairua eskatzen dienean, orduan ohartuko dira. Orain ilusio handia dute, eta lan egiteko oso gogo handia. Orain, edozein lanpostutan, daukaten guztia emanen lukete».
Lan egiteko gogo hori azpimarratu du Igeak. «Bertze batzuk ez daude edonora lanera joateko prest, ez daude edozer gauzatan lan egiteko prest. Hauei berdin zaie prestakuntza nahikoa izatea ala ez. Motibazio handia dute. Beren burua garrantzitsutzat jotzen dute, familiari dirua bidaltzeko ardura dutelako. Lanari garrantzi handia ematen diote. Eta indar horrek mugitzen ditu aurrera».
URTEA BUKATU ARTEKO EKIMENA. Nafarroako Gobernuak Espainiako Gizarte Gaietarako Ministerioarekin sinatu duen hitzarmenak abendura arte iraunen du. Horren arabera, Kanarietara ailegatzen diren hamar etorkin hartuko ditu hilero Gurutze Gorriak. Iruñeko Udalak bi pisu eman ditu horretarako, eta Nafarroako Gobernuak 80.000 euro, hezitzaileen soldatak eta etorkinek behar izanen duten mantenua ordaintzeko.
«Urtea bukatzearekin bukatuko da programa hau», adierazi du Igeak. «Gero, auskalo zer gertatuko den. Gurutze Gorriak urteak daramatza etorkinak hartzen. Baina hauxe da Gobernuak sinatu duen lehen harrera. Eta Kanarietan sortu den arazoa nolabait arintzeko sortu da. Baina gehiago dira sartzen direnak atera daitezkeenak baino. Matematikak arazoa zailtzen du. Eta programa hauek ez dute arazo horrekin bukatuko. Eta oso kontu dramatikoa da hau, jende asko hiltzen baita».
Heriotza oso hurbiletik ikusi dute txalupa bidaia egin dutenek. Batzuetan, bidaideak hiltzen ikusi dituzte. Beraz, nahiz eta hartu dituen gizarteak lan egiteko ateak itxi, etorri berriak baikor dira. Horixe diote Seberrik eta Igeak. «Programa honetan hartu ditugunak, hilabete bakarrean, gizarte honen alderdi ona bertzerik ez dute ikusten», dio Igeak. «Beno, guk ere haien gauza onak bertzerik ez ditugu ikusten, hagitz ongi portatzen ari baitira hauek».
Uztaileko txandan Senegalgo etorkinak izan zituzten. Orain, Gambiakoak dituzte. Berez, hil bakoitzean hamar etorkin izan beharko lituzkete. Baina, benetan, ez da hain zehatza kontua, Igeak dioenez. «Hilabetea bukatu baino lehen, bertze nonbait zer edo zer aurkitzen badute, guk ezin ditugu hemen atxiki».
LANA DUTE BURUAN. «Lehen egunean, informazio bilera izaten dugu haiekin, funtzionamendua behar bezala esplikatzeko», erran du Seberrik. «Eta, lehenik eta behin, mapan kokatzen ditugu, non dauden jakin nahi baitute. Iruñean daudela erraten diegu, Nafarroan, iparraldean, Frantziako mugatik gertu. Haiei grazia handia egiten die Frantzia ondoan egoteak, oso urruti ikusten baitzuten. Baina, horretaz aparte, ez dago aukera handirik halako gauza gehiago azaltzeko». Atariko txirrinari nola erantzun, garbigailua nola erabili, denda batean nola eskatu. Halako gauzak irakasten dizkiete etorkinei. Eta bertzelako solasaldi guztiak haien egoerari buruzkoak eta lanari buruzkoak omen dira.
«Egunean egunekoa ikusten dute haiek», dio Igeak. «Berehala lanean hastea dute helburu, beren herrietara dirua lehenbailehen bidaltzeko. Hori da buruan duten bakarra. Eta guk azaldu behar diegu jendearen borondate onak ez duela luzaroan irauten. Ez dela gauza bera nahi izatea eta ahal izatea».
Iruñeko programa honetan dauden guztiak gizonezkoak dira. Eskolak astelehenetik ortziralera dituzte, eta asteburuan hainbat jarduera izaten dituzte, hala nola bidea egitea lortu duten etorkinekin hitz egitea.
Gaztelania eta gizartean aritzeko jokabideak irakasten dizkiete etorkinei, hilabete batez
Baimenak nola eskuratu eta beren egoera nola arautu; horri buruzkoak izaten dituzte solasaldi gehienak
«Berriz
ez nuke hartukotxalupa»
Oso bidaia gogorra egin behar izan zuten Kanarietara txalupan joan zirenek. Orain, Iruñean, gustura dira, baina lanean hasteko irrikan daude, atzean utzitako familia lehenbailehen laguntzekoA. A.Iruñea
Bidaia ia osoa negarrez egin nuen», erran du Karamba Suwareh-ek. «Hamar egun itsasoan. Txalupa batean, bertze 64 pertsonarekin. Sekula ez nuen halakorik espero izanen. Nire bizia arriskuan zegoen eta edozein unetan hil nintekeen. Pentsamendu huraxe nuen neure buruan bueltaka, etengabe. Kanarietara denak bizirik ailegatu ginelarik, izugarri poztu nintzen. Bizia salbatua nuen».
Gambiakoa da Karamba Suwareh. Handik atera zen bera Kanarietara eraman zuen txalupa. Suwarehek 25 urte ditu. Gambian, Gurutze Gorriko boluntarioa zen, eta ez zuen ikusten han etorkizun handirik zuenik. Horregatik erabaki zuen txalupa hartzea. Baina bidaia oso «gogorra» eta «arriskutsua» izan zen. «Oso-oso». Txalupa izugarri mugitzen baitzen, zortzigarren egunean jatekoa eta edatekoa bukatu baitzitzaien. «Zer arraio ari naiz ni hemen», pentsatu zuen. Bi milioi euro emanda ere bidaia errepikatuko ez lukeela dio Suwarehek. «Inolaz ere ez».
Kanarietan, Gurutze Gorrikoek artatu zituzten Suwareh eta bidaideak. Suwarehek behin eta berriz eskertzen du jasotako laguntza. Hamazazpi egun geroago, hegazkin batean sartu, eta Madrilera eraman zituzten. Eta, handik, Iruñera, abuztuaren 2an. «Madrilen bertan erran ziguten Iruñera etorriko ginela», dio. «Orduan entzun nuen Iruñea izena lehenbizikoz».
Gambiatik Kanarietara joateagatik mila euro ordaindu behar izan zituen Suwarehek. Familiako guztiek lagundu zuten diru hori biltzen. Suwarehek bortz anai-arreba ditu. Gurasoak hil zitzaizkien. «Oso familia pobrea dut, eta nire laguntza behar du. Horregatik, hemengoa ongi egin behar dut, haien aita eta ama bainaiz».
Suwarehek badaki gauzak hemen ez direla errazak izanen. «Esplikatu dizkigute lana aurkitzearen inguruko arazo guztiak. Baina etorkizunak gauza asko ekarriko dizkidala uste dut. Aukera izanez gero, gustatuko litzaidake Gurutze Gorriarekin lan egitea. Jendea laguntzea maite dut. Jendea laguntzeko konpromisoa hartu nuen Gambian eta hemen ere gauza bera egin nahiko nuke. Baina prest nago bertze edozertan lan egiteko ere».
EDOZEIN LAN EGITEKO PREST. Gaztelania eskola bukatuta izan gara Suwarehekin. Gurutze Gorriaren egoitza nagusiko ikasgelaren arbelean, sukaldeko hainbat tresna margotuak dituzte, haien izena ondoan dutela. Ikasle gehienak medikuarengana joan dira, hainbat proba egitera. Suwarehekin batera, Alhagie Toure dago gelan, 30 urtekoa. Suwarehek baino askoz ere gutxiago hitz egiten du, lotsatuta edo.
Toure ere gambiarra da. Han enpresaburua zela dio. Bigarren eskuko arropa saltzen zuen, familiaren negozioan. Hango lana sobera ona ez zela dio. Eta horregatik etorri dela Europara. Anai-arreba gazteagoak ditu, eta bera izan da Europara etortzen lehena. Nahiz eta Gambian enpresaburua zen, hemen, edozein lan egiteko prest dago. «Iruñea polita da eta jendea oso atsegina. Eta hemen lanen bat lortzea badago, ongi. Baina, bestela, Bartzelonara joanen naiz, han lagun bat baitut».
Ikasgelan bada beste pertsona bat. Baina harekin ez dugu hitz egin. Ez daki ingelesez. Mandinkaz egiten du bakarrik. Beraz, ezin berarekin hitz egin. Suwarehek esplikatu du Gambian ingelesa dela «hizkuntza nagusia», baina badutela mandinka ere bai. «Familian mandinkaz egiten dugu», erran du. «Baina anaia bat eskolara doa eta harekin ingelesez egiten dut. Nahiago dut ingelesez egin. Ingelesez, munduko edozein tokitan hitz egiten ahal duzu. Mandinkaz, ez. Nik mandinkaz eginen banu, eta zuk euskaraz -Gurutze Gorriko batek azaldu dio Suwarehi hizkuntza lokala ere badugula-, ez genuke elkar ulertuko». Ezin ezetz erran halako esaldi bati.
«Kanarietara denak bizirik ailegatu ginelarik, izugarri poztu nintzen; bizia salbatu nuela pentsatu nuen»
karamba suwarehgambiako etorkina