ETXE KALERATZEAK

Txantreako etxe kaleratzea eten dute, ehunka lagun bertan elkartu eta gero

Iruñeko Argedas kaleko etxebizitza batetik gaur ziren Patxi Perez eta Idoia Bikuña kaleratzekoak. Eskerrak eman dizkiete bertaratutakoei. Bertan izan dira, besteak beste, Joseba Asiron eta Ainhoa Aznarez.

Patxi eta Idoia, Argedas kalean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
Ion Orzaiz.
2016ko urtarrilaren 26a
07:17
Entzun

Goizeko zortzietan elkartu dira dozenaka lagun Txantreako Arguedas kaleko etxebizitzako atarian, Hipotekak Kaltetutakoen Nafarroako Plataformak deituta, bederatzietarako espero baitzuten Patxi Perez eta Idoia Bikuña iruindarren etxegabetzea. Joxe Abaurrea Iruñeko zinegotziak jakinarazi duenez, plataformako abokatuek eta BBVA bankuak akordioa lortu dute kaleratzea gaurkoz ez gauzatzeko.

Angel Luis Fortun abokatuak azaldu du bertan behera geratu dela etxegabetzea, baina ez du zehaztu aurrerantzean zertan geratuko den auzia. Espero du bankuarekin negoziazioetan hastea, nahiz eta zehaztu duen aurretik saiatu izan direla negoziatzen baina bankuak entzungor egin diola negoziazio eskari horri.

Perez eta Bikuña babesteko, ordezkari politiko ugari ere batu dira etxe atarian. Besteak beste, han izan dira Joseba Asiron Iruñeko alkatea, Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidentea eta udal gobernua osatzen duten alderdi guztietako ordezkariak. Elkartutakoek etxe kaleratzeen kontra oihukatu dute, tartean, eskatuz ez dadila etxegabetzerik egon. Sare sozialetan oihartzun handia izan du:

Patxi eta Idoiaren infernua 2007 urtean hasi zen, euren etxebizitza berria ordaintzeko mailegua BBVA bankuarekin sinatu eta berehala. Auziaren gaineko erreportajea argitaratu zuen Nafarroako Hitzak, iazko martxoan.

«Alde Zaharreko etxebizitza zahar batean bizi ginen. Laugarren solairuan, igogailurik gabe. Eta traumatologoak esan zidan, igogailua jartzeko proiekturik ezean, beste norabait mugitu beharko nuela, hanka oso egoera txarrean nuelako». Medikuak esandakoari kasu egitea erabaki zuen Perezek, eta, haren emazteak zalantzak zituen arren, etxez aldatu zen bikotea. Finean, 2007. urtea zen, eta adreiluaren sektorea gorenean zegoen oraindik: bankuek erraz-erraz ematen zituzten kredituak, eta etxe bat erostea inbertsio bat zen garai hartan.

Txantrea auzoko Arguedas kalean topatu zuten bizileku egokia: lehen solairuan kokatua, mugikortasun arazoak dituztenentzako egokitua eta ez oso garestia. BBVA bankuan hipoteka mailegua negoziatzera sartu ziren unean, ordea, ametsa amesgaizto bihurtu zen.
Garai hartan, bikotearen hileroko diru sarrerak ez ziren 1.300 eurora ailegatzen, baina hori ez zen oztopoa izan BBVAren arduradunentzat, 1.400 euroko kuota ezarri baitzieten. Operazioan Alde Zaharreko etxebizitza ere sartu zen, berme gisa. Perezek eta Bikuñak ez zekiten zer ari ziren sinatzen ere.

«Ni oso urduri nengoen, baina lasai egoteko esan zidan sukurtsaleko zuzendariak. Hipoteka gure irabazien neurrira egina zegoela», gogoratu du andreak. Kredituaren ordainagiriak iristen hasi ziren arte ez ziren iruzurraz jabetu: «Ordurako beranduegi zen. Banketxera itzuli ginen, eta esan genien ezin geniela gastuei aurre egin. Ez zela hori hitzartutakoa». BBVAko arduradunek, ordea, ez zuten erantzukizunik onartu nahi izan. «Alde Zaharreko etxea saldu gabe genuela, eta erantzun ziguten hori gertatzen ez zen bitartean kuotak altuak izanen zirela. Gainera, ezin genion kredituari uko egin, isun batekin mehatxatu gintuztelako». Hala ere, egoera eutsiezina izanen zela ikusita, baldintzak leuntzea erabaki zuen BBVAk: 500 eurora beheratu zizkieten kuotak, baina ezusteak ez ziren une horretan amaitu.

2012ko udazkenean, bankuaren zigilua zeraman gutuna jaso zuten Perezek eta Bikuñak: milaka euroren zorra zutela adierazi zien BBVAren sukurtsaleko zuzendariak. «Guk paper bakar bat ere sinatu gabe, 3.000 euroko mikro-kreditu pertsonal bat eman ziguten, hipotekaren kuoten bidez ordaintzen ez genuena konpentsatzeko», azaldu du Perezek. Hortaz, haiek jakin gabe, beste zor bat pilatzen joan ziren bankuarekin, hipoteka maileguaz gainera. Guztira, 300.000 eurotik gora. Ordainketen erritmoari eusten saiatu ziren, baina, ordurako, lanik gabe zeuden biak. Laguntzarik gabe, egoerari buelta ematea ezinezkoa izanen zela ikusi zuten.

Txantrea Etxe Kaleratzerik Gabe mugimenduarekin kontaktuan jartzea erabaki zuten. Plataforma horren aholkuei men eginez, kuotak pagatzeari utzi zioten, eta Angel Luis Fortun abokatuaren laguntza jaso zuten. «Patxi eta Idoiarena da nire ibilbide profesionalean ikusi dudan iruzur hipotekariorik larriena», laburbildu du Fortunek. «Lehenik eta behin, beren diru sarreren gainetik zegoen hipoteka mailegua eman zieten, eta hori legez kontrakoa da berez. Baina, horrez gainera, beste mailegu pertsonal bat ezarri die bankuak, haiei jakinarazi gabe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.