Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hemeretzi bidaia agentzia zabaldu dituzte 2011ko lehenengo seihilekoan, eta Nafarroan, beste hiru. 22 denera. Hala jakinarazi du Amadeus enpresak, mundu osoko agentzientzako bidaia banaketa zerbitzuak eskaintzen dituen erakundeak. Emaitza horiek onak direla adierazi du Amadeusek, 2007az geroztik goranzko joera erakusten duten lehenak baitira. Bidaia bulegoek eurek ere aurten bidaiarien eskaerak ugaritu zaizkiela nabaritu dute, aurreko urteetako beherakadaren ostean.
Oliver Perea Eroski Bidaietako marketin zuzendariak azaldu duenez, hala ere, turismo sektoreak behera egin du azken urtean. «Orokorrean, sektoreak %10eko beherakada izan du, baina hori ez da harritzekoa krisi egoera kontuan izanda», azaldu du. Baina azken hilabeteetan eurek arreta gune gehiago zabaldu dituztela adierazi du, eta orokorrean enpresa txikiek itxi behar izan dituztela bulegoak. «Barne turismoa jaitsi da; alegia, estatuko jendeak egiten duena. Alemaniarrak, errusiarrak eta atzerriko beste bidaiariak, ostera, lehen bezala datoz uda gure artean pasatzera», zehaztu du. Agentzietako arduradunentzat, bulegoetara joaten diren bidarien kopurua murrizteko arrazoi nagusiak krisi ekonomikoa eta Internet bidezko erreserba zerbitzuen zabalkundea izan dira.
Horregatik, bulego berriak irekitzea ez da «harrigarria» izan Perearentzat. Orain, Amadeusen datuen arabera, 598 bidaia bulego daude guztira Hego Euskal Herrian: Bizkaian 279, Gipuzkoan 161, Nafarroan 100 eta Araban 58. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako agentzien artean, talde handien barruko agentziak dira %54, eta gainerakoak enpresa txiki eta ertainak dira; Nafarroan, %25 dira soilik kate handietatik kanpoko bulegoak.
Bidaia agentzia txikiek, berriz, lehengo urtean baino eskaera gehiago izan dituztela nabarmendu dute. My Way Viajes agentziak, esaterako, atzerrian hizkuntzak ikasteko bidaia espezializatuak antolatzen ditu. Agentziako langile Emma Arroyok azaldu duenez, aurten eskaerek zertxobait gora egin dute. «Jendeak garrantzia ematen die hizkuntzei eta prestakuntzari; horregatik, geroz eta gehiago dira ingelesa, frantsesa eta gainerako hizkuntzak hobetu nahi dituzten langileak, lanpostua galdu nahi ez dutelako edota galdu ostean beste bat lortzeko prestatu nahi dutelako», argitu du.
Norberaren neurrira egindako bidaien kasuan, eta abentura kutsukoetan ere, goranzko joera nabaritu da. Iruñeko Itsaslur Bidaiak agentziako Amaia Irigoienek azaldu duenez, urrutirako bidaiak egin ohi dituztenak 30 eta 40 urte inguruko gizon-emakumeak izan ohi dira, eta horiek ez dute askorik jaitsi bidaien kontsumoa, beste adin tarte batzuetako pertsonekin alderatuz. «Gazteen eskaerak murriztu dira gehien, baita familiek aste oso baterako Saloura [Herrialde Katalanak] edota Kanaria uharteetara egiten dituzten oporraldi erreserbak ere». Arroyok gaineratu du aurten bezeroek asteburuetarako irteerak egin dituztela, bereziki Europako hiriburueta-ra.
Interneten eragina
Agentzia handiek zein tamaina ertain eta txikiko bulegoek Interneten eragina nabaritu dute. Bidaiak antolatzeko orduan, geroz eta bezero gehiagok jotzen dute ordenagailu bidez eskaintzak bilatzera. «Zerbitzuak egokitu behar izan ditugu, eta sareko agentzia jarri dugu Interneten», kontatu du Irigoienek. Baina bezero askok agentziara joan nahiago izaten dutela gogorarazi du Pereak: «Askotan, bezeroak prest daude hogei euro gehiago ordaintzeko. Izan ere, bisekin, billeteekin edota dena delakoarekin arazoak badituzte, gure babesa jasotzen dute eta buruhaustea konpontzen laguntzen diegu».
Bestalde, Interneti esker bidaiari oro agentzietako profesional bilakatu dela azaldu du Arroyok. «Gugana etorri aurretik prezioak konparatzen dituzte, eta gehien komeni zaien eskaintza aukeratzen», nabarmendu du. Baina azken urteetan pixkanaka agentzietan eskaintzen diren prezioak eta Internet bidez lortutako bidaienak berdinduz joan direla azaldu du. Irigoien ere bat dator berarekin: «Bezero askok hegaldi merkeak bilatzen dituzte, baina kontuz hotelik gertu ez duten aireportuekin; ondoren, ez dute hotelik aurkitzen, eta, azkenean, ez zaie horren merke ateratzen», ohartarazi du. Horregatik, Interneten eragina «moda» modukoa izan dela azaldu dute agentzietako arduradunek, jendearibidaiak askatasunez eta erraz antolatzeko aukera eman diona.
Bidaia lekuak aldatuz
Perearen hitzetan, jendeak bidaiatzen jarraitzen du, baina bisitatzen dituzten lekuak lehengoak baino hurbilagokoak dira. «Duela urte batzuk Karibera joaten zena orain Kanaria uharteetara edo Balearretara (Herrialde Katalanak) joaten da; lehen uharte horietara zihoana, ostera, penintsulako kosta eremuetara joaten da orain; eta hara joaten zirenak, azkenik, etxean gelditu dira azkenaldian», azaldu du.
«Aurten, herrialde arabiarretarako bidaiak murriztu dira nabarmen», gaineratu du Arroyok. Bertatik publizitatea egin den arren, eta hango gobernuek lasaitasun egoera erakutsi nahi izan badute ere, hango erreboltek turismoan eragin nabarmena izan dute.
Txapela buruan berriro ere
Herritarrek bidaiatzeko planak martxan jarri dituzte berriro ere; sei hilabeteotan 22 bidaia agentzia zabaldu dituzte Hegoaldean, bidaiarien atseden, abentura eta irten nahiari erantzuteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu