Apirilean, Juan Kalparsoro EAEko Auzitegi Nagusiko fiskalburuak auzibidea ireki zuen ikertzeko ea Prietok iruzur egin ote zuen alderdiaren hainbat egoitzatako lanak bera bazkide zen enpresa bati adjudikatu zizkionean. Salaketa aurkezteko erabakia aho batez hartu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Fiskalen Batzordeak.
PSEko Arabako idazkari nagusi ohia eta alderdi bereko legebiltzarkidea da Prieto. Auzibidea zabaldu eta berehala onartu zuen Prietok egoitzetako lanak bera bazkide zen enpresa bati adjudikatu zizkiola, baina argudiatu zuen "segurtasun eta konfiantza" arrazoiengatik eman zizkiotela lan horiek Escoiba izeneko enpresa horri.
"Ahalik eta azkarren edozein irregulartasun baztertzeko" nahia adierazi du ohar batean PSEk. Halaber, prest agertu da epaileari auzia argitzen laguntzeko.