Atxiloketa

Txeber Zubiaga atxilotu dute Elorrion

Furgoneta batean aurkitutako jertse baten ADNan oinarrituta 8 urteko espetxe zigorra ezarri zioten 2000ko abuztuan Donostian izan ziren istiluetan parte-hartzea egotzita. Agi denez, zigor hori betetzeko atxilotu dute.

2007ko azaroaren 5a
17:15
Entzun
Askatasunak jakinarazi duenez, Txeber Zubiaga atxilotu dute Elorrion (Bizkaia), agi denez Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarritako 8 urteko espetxe zigorra betetzeko. 2000ko abuztuan Donostian izan ziren istiluetan parte hartu, eta agintariei atentatua egitea eta lehergailuak egiteko gaiak izatea egotzita zigortu dute.

Askatasunak agertu duenez, 2000.ean istiluak izan zirenean, furgoneta batean zihoazen Elorrioko hiru gazte atxilotu zituzten liskarretan parte hartu zutelakoan. Epaitu eta zigortu egin zituzten. Handik 4 urtera, 2004ko urriaren 20an, Ertzaintzak Zubiaga atxilotu zuen Elorrion, beste gazte haien furgonetan aurkitutako jertse batean atzemandako ADNa berearekin bat zetorrelako. 2005eko otsailaren 5ean behin-behinean aske geratu zen, 3.000 euroko bermea ordainduta.

Aurtengo otsailean, berriz, epaitu egin zuten Zubiaga Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta 8 urteko zigorra ezarri zioten: 4 urte agintarien kontrako atentatuagatiketa beste 4 lehergailuak egiteko gaiak izateagatik. Defentsak helegitea aurkeztu zuen, baina duela bi aste atzera bota zuen epaimahaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.