Jose Luis Alvarez Santacristina Txelis, Jose Mari Dorronsoro eta Carmen Gisasola euskal presoek azpimarratu dute ETAk ez zuela Egunkaria-ren sorreran parte hartu eta ez zutela horretaz erakunde armatuko "batzorde eragilean" "batere" hitz egin. Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioen iritziz, aipatutako presoei 1990 eta 1993 artean aurkitutako agiriek erakusten dute ETAk eta Egunkaria-k lotura izan zutela. Akusazioak eskatuta, lekuko gisa deklaratu dute hirurek, gaur, Espainiako Auzitegi Nazionalean, Egunkaria-ren aurkako epaiketako hirugarren saioan.
Txelisek aitortu du erakunde armatuan kargu politikoa izan zuela -Poliziak ETAko zuzendaritzako kide nagusietako moduan jo zuen atxilotu zutenean-, eta adierazi du ETAk ez zuela inoiz sustatu kazetarik, ez zuela esku-hartu Egunkaria-n. "Egia da esaten ari naizena", azaldu du. Miguel Angel Carballo fiskalak galdetu dio ea ETAk interesik izan al zuen Egunkaria sortzeko, eta Txelisek erantzun dio "interes soziala" besterik ez zutela eduki, "euskara garatu zitekeelako" egitasmo harekin.
Dorronsorok esan du ETAn ez zutela "batere" hitz egin Egunkaria-z, eta Gisasolak adierazi du berak, etakidea zen garaian, proiektuari buruz ezer ez zekiela.
Polizia iturrien arabera, Egunkaria-ri buruzko dokumentuak atzeman zizkieten preso haiei, atxilotu zituztenean.
Guardia zibilek ere deklaratu dute
Guardia zibilak izan dira gaur deklaratzen aurrenak, haiek ere lekuko bezala, akusazioak eskatuta. Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz itxi zuen Egunkaria Guardia Zibilak 2003ko otsailaren 20an, kazetak bere sorreran ETArekin zerikusia izan zuelakoan, baina gaur ere guardia zibilek ez dute Egunkaria-ren kontrako frogarik aurkeztu.
Akusazioetako eta defentsako abokatuak aritu dira galderak egiten guardia zibilei. Ondorioz, Carballo fiskalak ez du galderarik egin, uko egin dio aukera horri. Horixe egin zuen epaiketako lehen bi saioetan. Gaur presoei baizik ez die galdetu. Hain justu, Egunkaria-ren aurkako frogarik ez zegoela argudiatuta, auzibide garaian kasua ixteko eskatu zuen fiskalak -defentsak ere bai-, baina Auzitegi Nazionalak ez zuen aintzat hartu eskaera. Gaur guardia zibil batek esan du kasua artxibatuta zegoela uste zuela.
Atxiloketa garaiaz ere aritu dira hizketan guardia zibilak eta dena "normal" joan zela esan dute. Hainbat atxilotuk torturak jaso izana salatu zuten.
Hurrengo saioa, hilaren 25ean
10:38an hasi da gaurko saioa -hitzordua baino ia 40 minutu beranduago-, eta 12:33an amaitu da. Hilaren 25ean (astelehena) segituko du epaiketak, beste lekuko batzuen deklarazioarekin. Epaimahaiak 27an irakurri nahi ditu ondorioak. Orduan bukatuko litzateke epaiketa, eta epaiaren zain geratuko lirateke.
Javier Gomez Bermudez da epaimahaiko burua, eta Ramon Saez Valcarcel eta Manuela Fernandez Prado dira beste epaileak.
Abenduaren 15an eta 16an izan ziren lehen bi saioak
Epaiketa abenduaren 15ean hasi zen, eta hurrengo egunean segitu zuen. Auzipetuek ETArekin loturarik ez zutela izan nabarmendu zuten lehen saioan. Hurrengo egunean, guardia zibilek ez zuten Egunkaria-ren eta ETAren ustezko harremanez frogarik aurkeztu.
Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Txema Auzmendi eta Xabier Oleaga ETAko kide izatea egotzita daude auzipetuta. Auzibidean Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioek baino ez dituzte egin zigor eskaerak.
egunkaria auzia
Txelisek azpimarratu du ETAk ez zuela 'Egunkaria'-ren sorrera garaian parte hartu
Jose Luis Alvarez Santacristina 'Txelis', Jose Mari Dorronsoro eta Carmen Gisasola presoek lekuko gisa deklaratu dute. Dorronsororen arabera, erakunde armatuak ez zuen "batere" hitz egin euskarazko kazetaren proiektuaz. Guardia zibilek esan dute atxiloketa garaian dena "normal" joan zela, eta ez dute =iEgunkaria=i-ren aurkako frogarik aurkeztu; fiskalak poliziei ez die galderarik egin. Hilaren 25ean segituko du epaiketak, eta epaimahaiak 27an irakurri nahi ditu ondorioak. =lGuardia zibilen deklarazioa==http://www.berria.info/albisteak/38536/%3Cstrong%3EGuardia_zibilen_deklarazioa%3Cstrong%3E.htm=l. =lEuskal presoen deklarazioa==http://www.berria.info/albisteak/38537/%3Cstrong%3EEuskal_presoen_deklarazioa%3Cstrong%3E.htm=l.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu