«Ez diogu ezer zor Amaiurri». Espainiako gobernuburu izendatzeko astearteko saioan esan zuen hori Mariano Raxoi PP alderdiko hautagaiak. Atzo eman zion ezker abertzaleak erantzuna; Txelui Morenok egin zuen inbestidura saio haren balorazioa, Iruñean. «Egia da, ez diote ezer zor Amaiurri, baina Amaiurrek ere ez dio ezer erreklamatu. Espainiako Estatuak, ordea, zor historikoa du Euskal Herriarekin. Bere naziotasunaren aitortza zor dio, eta herri gisa dagozkion eskubideak. Demokrazia zor dio estatuak euskal jendarteari, ez besterik». Gatazka armatua amaitzeko aukera historikoari behar den bezala erantzuteko ere eskatu zion Morenok Raxoiri.
Amaiurrek Euskal Herriko gatazka politikoa konpontzeko azaldutako elkarrizketarako borondatea azpimarratu zuen Morenok. Jarrera horren alde «Madrilen ere» egingo dutela zehaztu zuen, gainera. Borondate horri Raxoik eta PPk emandako erantzuna «immobilista» izan da, ordea, ezker abertzalearen iritziz, eta «etsipena» eragin du euskal gizartean. Izan ere, borondate eta jarrera «eraikitzailea» eskatzen dute euskal herritarrek. «Euskal jendartearen gehiengoarentzat, Raxoik ez du erantzun gure herrian den egoera politiko berriak eskatzen duen moduan».
Beharrezkoa da, ordea, aldaketa, ezker abertzalearen ustez. «Mendeetako gatazkaren erroa izan den ukazioaren estrategia bertan behar utzi behar du». Aukera baliatzeko eskaera helarazi nahi izan zion horregatik Morenok Raxoiri: «behingoan» konponbide prozesuari heldu eta gatazka «behin betiko» gainditzeko. Espainiako Gobernu berriari Donostiako Nazioarteko Konferentzian adostutako adierazpena bere egiteko ere eskatu zion. ETArekin gatazka armatuaren ondorioez soilik aritzeko elkarrizketak zabaltzeko, alegia.
ETAk azaldua du borroka armatuaren zikloa amaitzeko borondatea, ezker abertzalearen hitzetan, eta PPk erantzukizunez erantzun behar lioke egoera horri. «Ezin du aukera hau galdu».
Hiru dira, ezker abertzalearen aburuz, euskal gizartean gehienek egiten dituzten eskaerak: euskal preso eta erbesteratuen etxeratzea, Euskal Herriaren desmilitarizazioa eta ETAren armagabetzea. Horiek dira konfrontazio armatua eta haren ondorio guztiak gainditzeko egin beharreko urratsak.
Espainiako Diputatuen Kongresuan Amaiur koalizioak talde propioa izan behar lukeela ere uste du ezker abertzaleak, bestetik. «Ez da koalizioaren eskaria, euskal gizarteak bere botoaren bidez adierazitako exijentzia baizik. Herritarrek eman diote talde propioa izateko besteko indarra, eta PPren jarrera ez da ulergarria».
Erantzukizun eske
Bilduk eta Aralarrek, bestalde, gatazka politikoari eta normalizazio politikoari heltzeko eskatu diote Mariano Raxoiri, prentsa ohar banaren bitartez.
Bilduk kezkaz hartu du Raxoiren diskurtsoa, «iraganean kokatuta» jarraitzen duela erakusten duelako, eta ausardia eskatu dio gatazka politikoari hel diezaion; horretarako, preso politikoak Euskal Herriratzea, Sortu legeztatzea, Parot doktrina deuseztatzea eta gaixo dauden presoak askatzea «lagundu lezaketen eta berehala hartu beharreko neurriak» dira, koalizioaren arabera.
Aralarrek, berriz, «gobernuburu bati dagokion erantzukizunez» jokatzeko eskatu dio Raxoiri. Aieteko adierazpena ere aintzat hartzeko eskatu dio, eta alderdien arteko elkarrizketa abian jartzeko eta espetxe politika aldatzeko.
EAk ere antzeko eskakizunak egin ditu, eta ohartarazi du Raxoiren diskurtsoak erakutsi duela «euskal politikagintzaren eta Espainiakoaren arteko arrakala» ikaragarria dela.
Txelui Moreno: «Demokrazia eta aitortza zor dizkio Espainiak Euskal Herriari»
«Gatazka armatua amaitzeko aukera historikoari» behar den bezala erantzuteko eskatu dio ezker abertzaleak RaxoiriGatazkari eta bakegintzari heltzeko esan diote Bilduk eta Aralarrek gobernuburuari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu