Patxi Lopez lehendakariak irratian egindako adirazpenei erantzun die Txelui Moreno ezker abertzaleko bozeramaileak. Morenok esan du Euskal Herrian agertoki politiko berri bat ireki dela “ezker abertzaleak beste eragile batzuekin batera hartutako iniziatiba eta konpromezuei esker”. Gehitu du euskal gizarteak badakiela hori, eta maiatzaren 22ko hauteskundeetako emaitzak aipatu ditu horren froga gisa.
Jokaleku berri horri Lopezek eginiko ekarpena "hutsaren hurrengoa" dela uste du Morenok. “Jarrera harroputz bat mantentzen du, lehendakaritza Alderdien Legeari esker eta iruzurrean oinarrituriko hauteskunde batzuei esker lortu izan ez balu bezala", gehitu du.
Lehendakariak egindako adierazpenak “patetiko samarrak” direla esan du Morenok; "ezker abertzaleak erakutsiriko borondate, konpromiso eta ekimenak kontrajarriak dira Patxi Lopezek eta PSOEk erakutsiriko immobilismo eta gaitasun politikorik ezarekin".
Morenok berretsi egin du ezker abertzaleak "Euskal Herria bake eta behin betiko soluzio demokratikoen agertoki batera eramateko" duen konpromisoa. Lopezi esan dio uste dutela "immobilismo eta blokeo jarrera mantentzeko aitzakia gehiago" ez dagoela. Lopezi eta PSOEri eskatu die "momentuak eskatzen duen maila politikoa" erakuts dezatela.