Txema Urkijo kargugabetu du Jaurlaritzak

2014ko apirilaren 3a
14:48
Entzun

Covite ETAren biktimen elkarteak pikoan jarri eta Eusko Jaurlaritzak bete du zigorra: kargutik kendu du Txema Urkijo Bake eta Bizikidetzako Idazkaritza Nagusiko aholkularia. Urkijok lantaldearekin izandako «desadostasunak» aipatu ditu Lehendakaritzak erabakia argudiatzerakoan, eta bertako iturriek ukatu egin dute ETAren biktimen elkartearen salaketari erantzunez hartu dutela erabakia. Covitek Urkijoren dimisioa eskatu zuen preso batek ETAko biktima bati igorritako «eskutitzak» gordetzeagatik.

Lehendakaritzak ohar batean azaldu duenez, erro sakonagoak ditu erabakiak. Bake eta Bizikidetzako Idazkaritzako lan metodologia «interpretatzean eta gauzatzean egiaztatu diren ezberdintasunak» izan dira Urkijo kargutik kentzeko «arrazoi nagusia». Aholkulari ohiak ere, Efe berri agentzian eginiko adierazpenetan, esan du haren kargugabetzearen jatorria ez dagoela Coviteren salaketan. Arazoa «aurretik» zetorrela, eta funtsean bera eta Idazkaritzako zuzendari Jonan Fernandezen arteko «bateraezintasunean» oinarritzen dela.

Coviteren salaketak, baina, agerian utzi ditu Jaurlaritzaren eta Urkijoren artean zeuden desadostasunak, eta horretaz baliatu da elkartea aurretik nahasiak zetozen urak gehiago harrotzeko. Coviteren arabera, martxoaren 26an Miguel Angel Madariaga Guardia Zibileko teniente ohia Kepa Pikabearekin bildu zen Zaballako espetxean (Araba), argitu gabe dauden atentatu batzuk argitzeko xedearekin. Bilera horretan, eta betiere Coviteren arabera, Madariagak presoari galdetu zion ea zergatik ez zituen erantzun kolaborazioa eskatuz espetxera bidali zizkion zenbait gutun. Erantzun zituela eta eskutitzak Urkijoren esku utzi zituela erantzun omen zion Pikabeak.

Salatutako gertaerak «garrantzitsuak» zirela aitortu zuen herenegun Josu Erkoreka Jaurlaritzaren bozeramaileak, eta jakinarazi zuen horiek argitzeko Urkulluk eta Urkijok hitz egingo zutela. Egun horretan, eta Interneteko sare sozialen bidez, aholkulari ohiak aitortu zuen gutunak ez, «gutun bakarra» gorde zuela, Pikabeak berak hala eskatuta, «diskrezioa gordetzeko bermerik» ez zuelako presoak. Erabaki hori eta aurretik izandako beste desadostasun batzuk izan ditu kontuan Eusko Jaurlaritzak Urkijoren eta gobernuaren arteko 11 urteko elkarlana eteteko.

Jonan Fernandezek gidatzen duen Idazkaritzako kidea zen Urkijo, eta ETAko biktimekin aholkulari lanetan aritzen zen bereziki. Giza Eskubideen zuzendari gisa jardun zuen 2002tik 2005ra Joseba Azkarragak zuzendutako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako Sailaren menpe. 2006tik, Terrorismoaren Biktimen Arretarako Bulegoko aholkulari izan da, eta Langraiz bidea deiturikoaren sustatzaileetako bat izan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.