Nafarroako Legebiltzarreko bozeramaileen batzordea bost pertsonak osatzen dute, baina hiru agertu dira gaur Jaime Ignacio del Burgo Nafarroako PPko diputatu ohiak jarritako helegitea aztertzeko. Del Burgok ez du nahi inongo batzordek Nafarroako PP ikertzerik, baina Bilduk eta Aralar-NaBaik proposamen hori egin zuten hilaren hasieran, eta irailean batzorde hori sortu edo ez erabakitzekotan gelditu ziren. Gaur, bozeramaileen batzordeak adostu du PP ikertzeko eskariaren inguruko txostena bidaliko duela Nafarroako Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietako salara.
Bilera amaitu ostean, Txentxo Jimenez Aralar-NaBaiko parlamentariak azaldu du, behar izanez gero, legebiltzarreko letradun nagusiari agerraldia egiteko eskatuko diotela, "legebiltzarraren akordioa lortu eta ikerketa batzordea osatzeko eskubideak defendatzeko, osoko bilkurak hala erabakiko balu".
Jimenezen ustez, "onartezina da Nafarroako PPk nafartarrek egia osoa jakiteko duten eskubidea oztopatu nahi izatea, kasu honetan, legebiltzarraren bidez". Adierazi duenez, Nafarroan "bizitza politiko eta instituzionalean egon daitezkeen ustelkeria kasuak" argitu nahi dituzten bakoitzean "oztopo asko sortzen dira beti". Hala, Jimenezek itxaropena du Del Burgoren helegitea tramitera ez onartzeko, eta adierazi du ikerketa batzorde hori ez sortzea ez dela aukera bat, judizialki horretara behartzen ez badituzte behintzat.
Ruz epailearen aurreko deklarazioak
Hori sortzea onartuko balute, Nafarroako PPren ustezko gainsoldatak eta deklaratu gabeko ordainketak ikertzea luke helburu. Del Burgok, baina, helegitea jarri zuen batzorde hori sortzearen aurka, eta legebiltzarreko mahaian aztertzen ari dira orain.
Del Burgok Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu zuen maiatzean, Barcenas auziaren epaile Pablo Ruzen aurrean. 2001eko uztailean milioi erdi bat pezeta kobratu zituela aitortu zuen bertan, Elena Murillo PPren Atarrabiako (Nafarroa) zinegotziaren "beharrei erantzuteko".
Egun horretan bertan, maiatzaren 21ean, Calixto Aiesa Nafarroako Gobernuko osasun kontseilari ohiak ere deklaratu zuen Ruzen aurrean: 1991 eta 1992 artean 3,9 milioi pezeta jaso izana aitortu zuen, Barcenasen paperetan agertzen den informazioa berretsiz. "Trantsiziorako ordainketak" izan ziren, Aiesaren arabera, kontseilari izendatu zutenez zeukan dermatologo kontsulta itxi behar izan zuelako.