Duela hamar hilabete osatzen hasi zenetik, gero eta sendoago dago Independentistak sarea. Herriz herri osatzen ari da, hainbat ekimen egin ditu, eta independentziarako bidean urrats gehiago egin nahi ditu. Independentismoa antolatu, ikusarazi eta hedatzeko erronkak ezarriak ditu. Baina aurrera egin eta «luzaro bizitzeko», ekonomikoki ere independente izan behar dutela ohartarazi du Txutxi Ariznabarreta Independentistak sareko kideak: «Autofinantzaketa ekonomikoa behar dugu». Sareak «inorekiko loturarik eta menpekotasunik gabea» izan nahi duela azaldu du, eta, hargatik, laguntza eske herritarrengana joko duela zuzenean. Txerritxo itxurako itsulapiko berdea egin du hartarako sareak, eta independentisten ekarpenekin gizendu nahi du.
Bere buruari ezarri dizkion erronkei aurre egin ahal izateko eta «egindako desobedientzia ekimenengatik etor daitezkeen isunei» erantzun ahal izateko, 2011. urtean ehun bat mila euro beharko dituela aurreikusten du sareak. Diru kopuru hori herritarrengandik lortzen saiatuko da, baina inor odolustu gabe. Hori dela eta, euro bana emateko eskatuko die independentistei. Ehun mila lagunen euro banako ekarpenari esker, ehun mila euro biltzea jarri du helburu.
San Tomas egunean
Hilaren 21ean jarriko du martxan diru bilketa: San Tomas egunean. Bilbo eta Donostiako jai guneetan txerri berde handi bat aterako dute kalera, herritarren txanponak jasotzeko. Eta bilketa errazteko zein ekarpenak eskertzeko, jai giroa eskainiko du sareak trukean. Goizean hasi eta gauera arte, kalejiran ibiliko da txerri berdea bai Bilbon eta bai Donostian. Besteak beste, trikitilariek, txistulariek, fanfarreek, dantzariek eta bertsolariek jarriko dute «jai giro berdea». Eta kalean independentismoaren indarra ikusarazteko, sarearen kolore berdedun zapiak ere salduko dituzte.
Datorren astean aterako dute, beraz, lehen aldiz, txerritxo berdea. Baina ez da kalean ikusiko den aldi bakarra izango. Izan ere, txerritxoaren bidez sarearen finantzaketa iraunkorki bermatu nahi dute sustatzaileek, eta, beraz, ekimen katea egingo dute itsulapikoaren inguruan.
Otsailean antolatzen hasi zenetik, sareak ekimen ugari egin dituela gogorarazi du Ariznabarretak. Aberri Egun bateratutik hasi eta «antolakuntza esparru komuna» osatu zuela, geroago eztabaida prozesua egin eta lan ildoak finkatu zituela, eta Hispanitate egunean zein Espainiako Konstituzioaren egunean desobedientzia ekitaldiak egin dituela —azkenak Madrilen eta Parisen—. Parte-hartzaileei eskerrak eman, eta desobedientziaren bidetik independentzia sustatzen jarraitzeko deia egin du Ariznabarretak.
'Txerritxo berdea' abian jarri dute, 100.000 euro helburu
Independentistak sareak ehun mila lagunek euro bana ematea nahi du, erronkei eusteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu