Koronabirusa

Txertaketa prozesuan norabide argirik ez

AstraZenecaren lehen dosia jaso dutenak Pfizerrekin edo Modernarekin txertatuko dituzte Ipar Euskal Herrian. Arrisku handia duten pertsonak txertatzen hasiko dira Hegoaldean

Txertaketa guneak. Martxoaren 31n txertoa jartzeko gune bilakatu zuten Bilboko Casilla. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Oihana Teyseyre Koskarat - Irati Urdalleta Lete - Uxue Rey Gorraiz
2021eko apirilaren 10a
00:00
Entzun
AstraZenecaren txertoaren inguruko polemikak hankaz gora jarri du txertaketa plana Euskal Herrian. EMA Sendagaien Europako Agentziaren txostenaren ondotik, txertaketa estrategiak moldatu dituzte administrazio ezberdinek, nork bere bidetik, irizpide partekaturik gabe. Ipar Euskal Herrian, AstraZenecaren lehen dosia jaso dutenak Pfizerrekin edo Modernarekin txertatuko dituzte. Olivier Veran Frantziako Osasun ministroak atzo RTL irrati katean segurtatu zuen AstraZeneca txertoaren lehen dosia jarri duten 55 urtetik beherako herritarrek RNA mezulari bidezko txertoen —Pfizer edo Moderna— bigarren dosia jar dezaketela. Osasunaren Mundu Erakundeak, berriz, erran zuen ez dagoela «datu nahikorik» hala egiteko.

Isabelle Blanchard Baionako Ospitaleko medikuak erran duenez, medikuek ez dute irizpide ofizialik jaso oraingoz. Blanchard: «Halakotan gertatzen da prentsan irizpide batzuk ematea, baina errealitatean ez dugu hain azkar izaten horien berri ofizialik». Azaldu du irizpide ofizialak jaso arte ez dutela txerto konbinaziorik egingo. «AstraZenecaren lehen dosia jaso duten 55 urtetik gorako herritarrentzat ez dago arazorik, bigarren dosia jartzen ahal dutelako. 55 urtez beherakoentzat, berriz, ikusi beharko dugu heldu den astean nola egingo dugun», esan du. Bestalde, onartu du «ikuspegi kontrajarriak» daudela txertoen dosien konbinazioari buruz; horren aurrean «zain egongo» direla segurtatu du.

Arrisku handikoak

Txertaketa aurrera doa Hego Euskal Herrian ere, eta gero eta herritar talde gehiagorengana iristen ari da txertoa. Asteburu honetatik aurrera, arrisku handiko kolektiboen txanda izango da; hala iragarri zuten Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak.

Gainera, Osakidetzak beste adin tarte batera ere zabalduko du txertoa hartzen hasiko direnen zerrenda: 70 eta 79 urte artekoak txertatzen hasiko dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Osakidetzak azaldu duenez, Pfizerren 70.000 dosi jaso izanak txertaketa azkartzeko aukera eman du. Horregatik erabaki dute beste bi taldetako herritarrei txertoa jartzen hastea: arrisku handikoekin, eta 70 eta 79 urte artekoekin.

Nafarroako txertaketei dagokienez, arrisku handia duten 5.000 pertsona inguru deituko dituzte COVID-19aren kontrako txertoa jartzera. Besteak beste, hemodialisi pazienteak, tratamendu onkologiko dutenak edo transplanteak egin dizkieten gaixoak, eta Downen sindromea dutenak. Osasunbideak 70-79 eta 60-69 urte bitartekoen txertaketarekin segituko du datorren astean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.