Koronabirusa

Txertatze ziurtagiriaren alde egin du Konstituzio Kontseiluak

Astelehenetik goiti beharrezkoa izanen da Ipar Euskal Herriko hainbat leku publikotara sartzeko. Kontseiluak atzera bota du ekitaldi politikoetan parte hartzeko agiria eskatzea

Frantziako Polizia osasun ziurtagiria eskatzen, Miarritzeko ostatu batean. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2022ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Jean Castex Frantziako lehen ministroak herenegun erran zuen astelehenetik goiti indarrean izanen zela txertatze ziurtagiria. Alta, Konstituzio Kontseiluaren erabakiaren zain egon behar zuen legea aplikatzen hasteko. Bada, txertatze ziurtagiriaren legea kasik osorik onetsi zuen atzo Konstituzio Kontseiluak: 16 urtetik gorakoek txertatze ziurtagiria erakutsi beharko dute hainbat leku publikotara sartzeko. Haatik, ekitaldi politikoetan txertatze agiria eskatzea Frantziako Konstituzioaren kontrakotzat jo dute, «adierazpen askatasunaren» kontrakoa delakoan.

Iparraldean, beraz, astelehenetik aitzina beharrezkoa izanen da txertatze ziurtagiria aurkeztea ostatuetara, kultur guneetara, kirol egituretara eta distantzia luzeko garraio publikoetara sartzeko. Gainera, leku horietako langileek eskubidea izango dute —«dudak» baldin badituzte— bezeroen nortasun agiria ere kontrolatzeko, ziurtagiriarekin batera. Ospitaleetara eta zahar etxeetara sartzeko osasun ziurtagiria beharko da, orain arte bezala.

12 eta 15 urte bitartekoek osasun ziurtagiria erakutsi beharko dute oraindik ere, orain arte bezala —proba negatibo batek balioko die, alegia—. Txertaketa pauta osoa jarri ez dutenek ere osasun ziurtagiria baliatzen jarraitu beharko dute pauta osoa jarri arte; beraz, txertatze ziurtagiria beharrezkoa den lekuetara sartzen ahalko dira txertatze pauta hasia dutela erakusten duen agiriarekin, eta PCR edo antigeno proba negatibo batekin.

Gainera, legean zehaztu dutenez, txertorik jarri ez duten herritarrek distantzia luzeko garraio publikoak hartzen ahalko dituzte «familia edo osasun larrialdi» bat justifikatuz gero. PCR edo antigeno proba bat beharko dute, hala ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.