Txertoaren bigarren dosia hartu eta bi hilabetera COVID-19aren aurkako erantzun immunitarioa zer-nolakoa den aztertzen jardun dute Northwesterreko Unibertsitateko hainbat ikertzailek (AEB, Ameriketako Estatu Batuak), eta gaur eman dute ikerlanaren ondorioen berri. Aditzera eman dutenez, erantzun immunitarioaren apaltzea, oro har, aztertu dituzten pertsona guztietan ikusi dute, baita aurrez gaitza izan duten horiengan ere.
Pfizer eta Moderna botika etxeen txertoaren eragina aztertu dute, birusaren hainbat aldaeraren aurrean duten eraginari ere erreparatuta. Aurrena, txertoaren bigarren dosia hartu eta hiru astera aztertu zuten erantzun immunitarioa, antigorputzei erreparatuta, eta %98eko babesa ematen zutela ikusi zuten. Birusak garatu dituen aldaerek erasandako pazienteetan, apur bat apalagoa zen babesa: %67 eta %92 artekoa. Bi hilabeteren bueltan, ordea, antigorputzen eragina, oro har, %20 apalagoa zela ikusi zuten.
Aurrez birusean positibo eman zuten pertsonetan ere apaltze hori ematen dela ikusi dute, baina aintzat hartu beharreko ñabardura bat bada hor: gaitza ia sintomarik gabe edo asintomatiko igaro duten pertsonetan, oro har, apalagoa da erantzun immunitarioa eritasuna sintomekin igaro dutenetan baino.
Antigorputzei erreparatu diete ikertzaileok ikerketa lan honetan. Aintzat hartzeko aldagaia dira, garrantzitsua erantzun immunitarioa ulertzeko, baina immunologoek usu nabarmentzen dute antigorputzez harago ere, aldagai gehiago izaten direla erantzun immunitarioaren atzean.