Eusko Jaurlaritzak ez du txertoa hartzera derrigortzeko «behar besteko tresna juridikorik»: hala adierazi du Bingen Zupiria bozeramaileak. Hori horrela, Jaurlaritzak duen aukera bakarra dosi gehiago eskatzea eta «txertatzeke dauden biztanleak konbentzitzea» dela iritzi dio Zupiriak. Hala ere, bozeramaileak ez du zehaztu Jaurlaritzak derrigorrezko txertaketa ezarriko lukeen horretarako eskumena balu.
«Iñigo Urkullu lehendakariak hilabeteak daramatza berme juridiko eske ezohiko neurriak ezartzeko», azaldu du Zupiriak. Gehitu du Carolina Darias Espainiako Gobernuko Osasun ministroak adierazi diela ez dagoela behartzea bermatu dezakeen neurririk. Bestalde, «mundu mailako» krisia den heinean, hurbilekoen txertaketak mundu osoarenarekin batera joan behar duela gehitu du, «birusaren aurka babesteko era bakarra» delako.
Txertoen derrigortasunari buruzko eztabaida betean heldu dira Zupiriaren adierazpenak. Ipar Euskal Herrian jada nahitaezkoa da osasun langileen txertaketa, eta Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak egindako adierazpenek hautsak harrotu dituzte Hegoaldean ere. Espreski txertaketa derrigortzea aipatu ez bazuten ere, zahar etxeetako langileek «bermeak» eskaini behar dituztela adierazi zuen Urtaranek, eta txertatu gabekoek arrisku faktoreak dituztenekin ez luketela lan egin beharko Gonzalezek.
Horrek erantzunak sortu ditu beste alderdietan, EH Bildun esaterako. Rebeka Ubera legebiltzarkideak «eztabaida antzuak» alde batera uzteko eskatu du, txertaketa derrigorrezkoa izan ezin daitekeela argudiaturik; horren ordez, zahar etxeetako neurriak hobetzeko eskatu du.