Txertoaren egiletza eskubideak salbuesteak «berebiziko premia» duela ohartarazi du Amnesty Internationalek

Covax programarekin nahikoa ez dela iritzi dio Esteban Beltran presidenteak, eta liberalizazioaren alde egiteko eskatu die agintariei

Gizon bat txertoa jasotze Hegoafrikan. KIM LUDBROOK/EFE
Maria Ortega Zubiate
2021eko ekainaren 23a
12:42
Entzun

«Pandemia bukatzeko boterea dugu, baina hori nazioarteko lankidetzarekin baino ez dugu lortuko», premisa horretatik abiatu du Esteban Beltran AI Amnesty Internationaleko Espainiako presidenteak bere hitzatzea Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean. Horretarako, argi du bidea: COVID-19aren aurkako txertoen egiletza eskubideak salbuetsi behar dira, eta horren aldeko presioa egiteko eskatu die agintariei. Gehitu du garapen bidean dauden herrialdeetara txertoak bidaltzeko Covax programa ez dela «nahikoa» txertoak mundu osora zabaltzeko, eta hori ez da lortuko botika etxeek beren egile eskubideak behin behinean galtzen ez badituzte. «Bizitza eta osasun eskubideak egiletza eskubideen gainetik daude», iritzi dio.

EH Bilduk eskatuta egin du agerraldia Beltranek, AIk txertoaren eskuragarritasun unibertsala bermatzeko dituen proposamenen berri izateko. «Patenteen liberalizazioak berehalako premia du», egoeraren larritasunaz ohartarazi du hitza hartu duenean. Izan ere, erakundearen datuen arabera, mundu mailan banandu diren txerto kopurua oso desberdina izan da, eta horren adibideak eman ditu Beltranek: Afrika osoan eta Erresuma Batuan, esaterako, txerto kopuru bera banatu da. Bestalde, azaldu du Covax programak aurreikusi zituen dosien herenak baino ez dituela banatu, eta horiek jaso dituzten herrialde askotan lehen dosia jaso dutenek ez dakitela bigarrena jasotzeko aukerarik izango dutenik.

Horregatik, gobernuak neurriak hartzera bultzatu behar direla uste du Beltranek. «Azken urteotako krisi handienean gaude, giza eskubideen defentsa ezin daiteke boluntarioa izan», adierazi du Covax programako parte hartzea boluntarioa dela gogoraraziz. Hori horrela, neurri hori hartzearen aldeko «presio jarraitua» egiteko eskatu die agintariei: baita MME Munduko Merkataritza Erakundeko estatuei India eta Hegoafrikak erakundean egindako eskaeraren alde egiteko ere, egiletza eskubideak salbuestearena alegia, edo behintzat eskaera ez oztopatzeko.

Bestalde, egiletza eskubideak salbuestearen alde Eusko Legebiltzarrak eta Eusko Jaurlaritzak egindako adierazpenak ere izan ditu gogoan Beltranek, eta horiek beren lanean aurrera egiten laguntzen diela gehitu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.