COVID-19aren aurkako txertoek Nafarroan izan duten eragina ikertu du Nafarroako Osasun Publikoko Institutuak. Behin-behineko estimazioen arabera, orain arte baimendutako txertoen eraginkortasuna handia da; batez ere, ziklo osoa egina dutenentzat: kasu sintomatikoen %49 eragozten ditu dosi batek, eta %90, bi dosik.
Eraginkortasuna ez da gehiegi aldatzen txerto motaren arabera: Pfizerren dosi batek %46ko babesa eskaintzen du dosi batekin, eta %89koa birekin. AstraZenecaren txertoak, berriz, %53ko babesa ematen du dosi bakar batekin. Ospitaleratzeak prebenitzeko tenorean, gainera, babesa are handiagoa da: %75ekoa dosi batekin eta %95ekoa bi dosirekin.
Eraginkortasun datuetan oinarrituta, txertaketa kanpaina hasi zenetik eragotzi diren gaitzen estimazioa egin du Nafarroako Osasun Publikoko Institutuak. Hala, apirilaren 11ra arte, txertoaren eragin zuzenari esker eragotzi dira COVID-19aren 700 infekzio sintomatiko, 200 ospitaleratze eta 50 heriotza.
Hala ere, erakundeak gogorarazi du txertatutako pertsonek gaitza har dezaketela oraindik, eta, arriskua askoz txikiagoa izanagatik, baita larriki gaixotu ere. Hori dela eta, prebentzio neurriei eusteko gomendioa egin dute.