Txertoen patenteak behin-behinean askatzearen alde azaldu da Jaurlaritza

Mundu osoan osasun eskubidea bermatzearen alde agertu da. Iñigo Urkulluk aurkeztu du adierazpena, beste zenbait erakunderekin batera. 

Erizain bat txertoaren dosi bat prestatzen. ROLEX DELA PENA/EFE
Maria Ortega Zubiate
2021eko maiatzaren 25a
13:29
Entzun

Eusko Jaurlaritzak ere eman du pausoa: COVID-19aren aurkako txertoen egiletza eskubideak behin-behinean salbuestearen alde agertu da. Iñigo Urkullu lehendakariak jakinarazi du erabakia, eta argudiatu du jabetza intelektualeko eskubideek ezin dutela ukatu edozein herrialdetako «osasunaren aldeko apustua».

«Beharrezkoa jotzen da mundu osoan lankidetzan aritzea txerto kopuru nahikoa garatzeko eta munduan osoan garaiz eta modu inklusiboan banatzeko». Horrelaxe eman du Eusko Jaurlaritzaren erabakiaren berri Urkulluk. Eusko Jaurlaritzarekin batera, beste erakunde batzuek ere sinatu dute adierazpena: Espainiako Mugarik Gabeko Medikuen Elkarteak, Amnesty Internationalek, Oxfam Intermon-eko Herritartasun eta Intzidentzia Sailak, Euskadiko Farmazialarien Kontseiluak, Euskal Autonomia Erkidegoko Sendagileen Elkargoak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erizainen elkargoek eta Bilboko Zientzia Medikoen Akademiak.

Jaurlaritzak COVID-19ari aurre egiteko nazioartean egindako ahaleginak azpimarratu ditu Urkulluk, garabidean dauden herrialdeei txertoak helarazteko sortutako Covax programari egindako ekarpen ekonomikoak gogoraraziz. Hala ere, neurri gehiago behar direla adierazi du, eta, hain zuzen ere, horregatik hartu du egiletza eskubideak behin-behinean salbuestearen aldeko jarrera. 

India eta Hegoafrika izan ziren eskaera hori plazaratzen lehenengo herrialdeak, eta ehunka estaturen babesa lortu zuten. Iazko urrian egin zioten eskaera MME Munduko Merkataritza Erakundeari, eta auzia oraindik ixteko dago, ekainean izango baitute hori argitzeko bilera. Dena den, ehunka estaturen babesa izan bazuten ere, AEBek aurrena eta EB Europako Batasunak gero erakutsitako baiezko jarrerak jarri du berriz gaia mahai gainean. Horien erabakiaren ostean etorri da Eusko Jaurlaritzak gaur aurkeztutako adierazpena.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.