EUSKARA

Txibite: "Euskararen dekretuaren kontrako epaiak ez ditu kolokan jarriko orain arteko lan deialdiak"

Nafarroako Auzitegiaren ebazpenari helegitea aurkeztu ala ez aztertzen ari direla berretsi du Nafarroako Gobernuko lehendakariak

Maria Txibite lehendakaria eta PSNko Ramon Alzorrik parlamentuan, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2019ko urriaren 4a
14:49
Entzun

"Kontsentsu zabalak eta errealitate soziolinguistikoarekiko errespetua". Horiek dira, Maria Txibite lehendakariaren esanetan, Nafarroako Gobernuak aintzat hartuko dituen gidalerroak, hizkuntza politikaren esparruan. Legebiltzarrean eman ditu azalpenak Txibitek, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren azken bi ebazpenek euskararen dekretua edukiz hustu ostean. Navarra Suma koalizioak eskatu zuen lehendakariaren agerraldia.

Euskara "eztabaida politikotik ateratzeko" nahia agertu du Txibitek. Hori dela eta, "alderdien interesez gaindiko kontsentsua" galdegin die gainerako talde parlamentarioei, euskarari "aitortza" emateko tenorean: "Nafar guztion ondasuna da, eta zaindu, bultzatu eta herritarren esku jarri behar dugu, ikasia eta erabilia izan dadin, herritar bakoitzaren erabaki askea oinarri hartuta".

Hala ere, Txibitek muga ere jarri dio asmo horri: Euskararen Legea. "Hori izanen da gure oinarrizko araua, eta, edozein aldaketa egitekotan, kontsentsu zabal baten bidez etorri beharko du, Foru Hobekuntzak ezarritakoaren arabera".

Nafarroako Auzitegi Nagusiaren epaiari dagokionez, lehendakariak lasaitasun mezua helarazi nahi izan die azken oposizioetan eremu ez-euskalduneko edo mistoko lanpostu bat lortu zutenei: "Prozesuak behin betikoak dira, eta postua lortu zutenek ez dute zeren beldur izan. Postu hori ziurtatua dute".

Helegitea, airean

Talde politikoen txandan, Navarra Suma koalizioko bozeramaile Javier Esparzak sententziaren aurka helegiterik ez jartzeko eskatu dio Txibite lehendakariari: "Zirt edo zart egin beharko duzu, Txibite andrea: UGTren aurka jarri, ala Geroa Bai eta Bilduren aurka; herritarren eskubideen alde, ala hizkuntza politika nazionalista eta baztertzailearen alde". Eskua luzatu dio Txibiteri, euskarari lotutako gaietan Navarra Sumaren bidea urratzen segitzeko: "Hizkuntza politika zentzuzko bat hitzartu dezakegu, errealitate soziolinguistikoa errespetatuko duena, baztertzailea izango ez dena eta herritarrei kalte egingo ez diena".

Ebazpenari helegitea ez aurkeztearen alde azaldu da PSNko Ramon Alzorriz ere. Hala ere, aitortu du gobernua ez duela PSNk soilik osatzen, eta "gogoeta" egin beharko dutela gainerako taldeekin batera. "Gauza jakina da ez geundela ados aurreko gobernuaren hizkuntza politikarekin, baina oraingo gobernua ez da aurreko bera". "PSNren politika linguistikoak bat egiten du gure lurraren pluraltasunarekin. Agian, elkarrekin zerbait eraikitzeko garaia iritsi da".

Geroa Bairen izenean, Uxue Barkosek ontzat jo du helegitea aurkeztearen inguruko gogoeta: "Analisi horren zain geldituko gara". Hala ere, Geroa Bai helegitearen alde dagoela nabarmendu du: "Gaur egun, sententzia horrekin, atzera bota daiteke edozein lan deialditarako meritu proposamena, ez soilik euskararena". Barkosen esanetan, Nafarroako Auzitegiaren epaiak kolokan jarriko lituzke UPNk sinatutako hainbat dekretu ere: "Garai hauetan, badakit trazo lodiko argudioak erakargarriak direla, baina sententzia honek jokaleku kezkagarri batera garamatza, administrazioaren gaitasunak murrizteko joera igartzen baita".

EH Bilduko Bakartxo Ruizek egin die kritika gogorrena lehendakariak esandakoei. Haren esanetan, "sinesgarritasun arazo bat" dute PSNk eta Txibitek berak: "Euskara eztabaida politikotik atera nahi duzuela diozue, baina, horren aurretik, autokritika apur bat egin beharko zenukete: VOXeko Ortega Smithen alboan manifestatu zineten Iruñeko kaleetan euskararen kontra, eta hortxe duzue arazoa. Sektore erreakzionarioenak elikatu dituzue orain arte, eta orain zaila da atzera egitea". Kontsentsu zabalei buruz ere galdetu dio Ruizek PSNri: "Norekin lortu nahi dituzue kontsentsu horiek? UGTrekin eta Navarra Sumarekin? Adostasunerako baldintza baldin bada gaur egungo Euskararen Legea eta zonifikazioa betikotzea, guk ez dugu horrekin bat eginen".

Ahal Dugu-ren izenean, Mikel Builek txalotu egin du Maria Txibitek emaniko "lasaitasun mezua", eta bat egin du kontsentsu zabalen aldeko apustuarekin, baina harago joateko eskatu du: "Arazoa ez da dekretua. Eztabaida dugu Euskararen Legearekin, eta hor bai, hor beharko ditugu kontsentsu zabalak euskara indartzeko". Hala ere, aitortu du "zail" ikusten duela Navarra Suma adostasun horretara batzea.

Ezkerrako eledun Marisa de Simonek, azkenik, "itun politiko eta sozial zabala" eskatu du euskararen inguruan, eta hiru baldintza jarri ditu horretarako: "Batetik, herritar guztien hizkuntza eskubideak errespetatzea; bestetik, boluntariotasun eta progresibitate printzipioak aplikatzea; eta, azkenik, hizkuntza politikak moldatzea tokian tokiko errealitate soziolinguistikora".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.