Hainbat ordutako bileren ostean, ostiralean sinatu zuten Nafarroako Gobernua osatzeko akordioa Geroa Bai-k, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak. Biharko inbestidura saioa izango da hurrengo urratsa, baina, hitzarmena izenpetuta, beldur barik joan daiteke Uxue Barkos eztabaidara. Izan ere, lortua du presidentetza lortzeko behar duen sostengua.
Ikusteke dago, hala ere, gobernua osatuko duten lau alderdiez gain bestelako babesik jasoko ote duen. Hain zuzen ere, PSNren lurralde batzordearen bileran abstentzioaren alde egin du Maria Txibite idazkari nagusiak, eta argudiatu du hori dela alderdiaren "elkarrizketarako borondatea" agertzeko modu egokiena. Nabarmendu du, hala ere, hitz egiteko prest egoteak ez duela esan nahi "txeke zuririk" sinatuko dutenik.
"Espero dut gobernu berriak politika egiteko modua aldatuko duela, eta ez dela tentazioetan eroriko. Lehenbailehen hasi beharko du Gobernuak erabakiak hartzen, eta gu hori zaintzen arituko gara".
Parlamentari sozialistek inbestidura saioan hartu beharreko jarrera bozkatzea zen batzarraren helburua. Bilerara, ordea, soilik 82 kide aurkeztu dira, gutxiegi halako bozketa bat egiteko. Horiek hala, azken erabakia astelehenean bertan hartuko dute parlamentari sozialistek, Barkosek berak egingo duen hitzaldian oinarrituta.
Akordioa
Aldaketarako akordioa ere izan du hizpide Txibitek. Haren iritziz, "kezkagarria" da alderdiek "euskalduntzearekiko agertutako gogo bizia". "Kezkagarriak dira Iruñeko alkatearenaren gisako jarrerak, zeinak ikurrina inposatu zuen udaletxeko balkoian inori galdetu gabe, ez denean hori Nafarroako bandera eta ez datorrenean bat nafar gehienen sentsibilitatearekin".
Horiek hala, ohartarazi du oso gertutik zainduko dituztela halako xehetasunak "Barkosek, agintzearen truke EH Bilduri bidesariak ordaindu behar badizkio eta Nafarroa euskal nazionalismoaren noraezera eramango badu, ez dugu akordiorik hitzartuko".
Txibitek gaitzetsi egin ditu, halaber, gobernu berriak hezkuntzan iragarritako aldaketak. "Haien helburua bada PAI baztertzea euskara lehenesteko, ez dezatela gurekin konta. Euskara errespetatu egin behar da, kultur ondarea delako, baina ez dugu onartuko hura inposatzea mundu osotik mugitzea ahalbidetzen diguten hizkuntzak baztertuz".
"Akats ulergaitza"
UPNren iritziz, "ulergaitza" da Nafarroako sozialistek abstentzioaren aldeko aukera aztertzea bera, "batez ere kontuan izanik euren idazkari nagusiak gaitzetsi egin duela Bilduk eta alderdi ez konstituzionalistek osatutako gobernua". "PSNk begiak estaltzea erabaki du. Izan ere, argi dago EH Bilduk akordio programatikoan izan duen eragina. Ez dugu ulertzen egiten ari diren joko bikoitza".