Orain bi egun eman zuen erabakiaren berri Javier Remirez Nafarroako Gobernuko bozeramaileak. Datorren irailaren 19an izango da sari banaketa Erriberrin (Nafarroa) —Carlos Canovas argazkilariak jasoko du—, eta aurreko legealdian Uxue Barkos (Geroa Bai) lehendakari ohiak egin moduan, Maria Txibite (PSN) buru duen gobernuak ere ebatzi du hobe dela Espainiako errege-erreginak ekitaldian ez egotea.
Remirezen arabera, errege-erreginak ez gonbidatzearen arrazoia da nahiago dutela ekitaldia saria jaso duenaren bueltan egitea, eta nabarmendu du irabazleari «errekonozimendua» ematea dela lehentasuna. Edonola ere, Espainiako Errege Etxearekin harreman jarraitua dutela azaldu zuen bozeramaileak, eta «leialtasun instituzionala» dietela: «Errege-erreginek Nafarroan presente egoten segituko dute». Epe laburrean Felipe VI.a Berboikoa erregea eta Leticia Ortiz erregina Nafarroara bisitan joateko egunak ixten ari direla ere aurreratu zuen Remirezek.
Argazkilaritza bizibide
Aurten Carlos Canovasek (Hellin, Espainia, 1951) jasoko du saria. Iruñeko Ateneoak aurkeztu zuen Canovasen hautagaitza, argudiatuta haren ibilbideak «profesional onartu eta miretsia» bihurtu duela, eta Nafarroako eta Espainiako museo eta arte zentroetan erakutsi dituela bere lanak. Hain zuzen ere, Rebeca Esnaola Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol kontseilariak hori bera nabarmendu du gaur eguerdian egindako agerraldian.
Canovas Hellinen, Albaceten jaio zen, baina haurra zela lekualdatu zen Iruñera. 1970ean egin zuen bere lehenengo dokumental zinematografikoa, baina 1972tik aurrera argazkilaritzari eman zion lehentasuna.