Maria Txibite PSNko senatariak atzo aurkeztu zuen bere hautagaitza Nafarroako foru hauteskundeetan PSNren zerrendaburua izateko, eta erabaki horren inguruan mintzatu dira bi alderdikide: Juan Jose Lizarbe PSNko talde parlamentarioaren bozeramailea eta Maite Esporrin parlamentaria.
Esporrinek salatu du Txibitek "aldebakarreko" pausoa eman duela bere burua aurkeztuta, PSN-n batasun hautagaitza bat osatzeko aukera negoziatu gabe. "Oso garrantzitsutzat" jo du alderdia "batuta" egotea eta "hautagaitza ezberdinen artean aukeratu behar izatearen tentsiorik" ez sortzea; "horregatik egin genien elkarrizketa eskaintza hautagai izan zitezkeen guztiei", gaineratu du.
PSNko sektore guztietatik "emaitza ona" jaso zutela azaldu du Esporrinek, eta, hortaz, Txibiteren erabakiak "harritu" egin duela erantsi du. Haren esanetan, Txibitek hautagaitza aurkeztu izanak "ezinezko egiten du harekin kontaktuak izatea balizko negoziazio baterako". Halaber, Amanda Acedo parlamentari ohia buru duen sektore kritikoarekin harremanetan jartzeko asmoa azaldu du.
Zerrendaburua hautatzeko prozesuaz jardun du Juan Jose Lizarbe PSNko Nafarroako Parlamentuko bozeramaileak ere. Esan du espero duela berak hautagaitza aurkeztu behar ez izatea, baina ez du argitu zer esan nahi izan duen: "Agerraldietan, pentsatzen dudan guztia esaten dut nik, eta politikoki ez naiz oso zuzena, baina ez nazazue gaizki ulertu".
Esporrinekin agertu da prentsaurrean Lizarbe, eta "hautagai edo aurre hautagai" gisa egin dio erreferentzia Esporrini: "Garrantzitsua ez da nork zuzenduko duen PSN edo nor den zerrendaburu; garrantzitsua da aukeratua denak esan diezagula zer egingo duen Nafarroan aldaketa aurrerakoiaren buru izan eta Nafarroako Gobernua aldatzeko".