«Txibite, entzun, Nafarroa euskaldun!», entzun da gaur, besteak beste, Iruñean. Euskaraz bizitzearen alde, batuz. Eskubide murrizketarik ez! leloa aurrealdean zutela, manifestazioa egin dute euskara administrazioan arautzeko Nafarroako Gobernua prestatzen ari den dekretu berria salatzeko. Izan ere, Euskalgintzaren Kontseiluan bildu diren euskararen aldeko zenbait eragilek adierazi dute dekretua «atzerapausoa» izango dela eta «euskaldunen eskubideak murriztuko dituela».
Baluarteko plazatik abiatu da manifestazioa 18:30etan, eta lehen aipatutakoaz gain, hainbat izan dira entzun diren leloak: tartean, «Euskaraz bizi nahi dugu!»; «Euskara hizkuntza ofiziala!»; «UPN, PSN, berdin da!»; eta «Euskara nafar hizkuntza da». Sarasate pasealekura arteko ibilbidea hiru zutabetan banatuta egin duten parte hartzaileek, segurtasun tarteak errespetatuz.
Han, Nafarroako Parlamentuaren aurrean, Maria Txibite lehendakariari eskatu diote «duela bi hamarkadako hizkuntz politikak alboratzeko». Hitza hartu du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak, eta esan du kalera atera direla «bigarren mailako herritarrak» ez direla aldarrikatzera.
Hizkuntz politika ilunak
Nafarroako Auzitegi Nagusiak 2019ko urrian aurreko gobernuak onartutako dekretua edukiz hustu ondotik, Nafarroako Gobernuak promes egin zuen 2020aren hasierarako onartuko zuela. Hala ere, hogei hilabete iragan dira, eta oraindik ez dago euskararen dekreturik. Denbora tarte horretan, Nafarroako Gobernuak «iraganeko hizkuntza politika ilunak» aplikatu dituela salatu du Kontseiluak: «Ehunka lan deialditatik automatikoki baztertu dute euskararen ezagutza, bai euskara eskakizun izan beharko lukeen lan deialdietatik, baita merezimenduetatik ere». Ekainaren 23an Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak iragarri zuen azkenik bigarren seihilekoan tramitatuko zela.
Horrekin batera, Kontseiluko eleduna, Paul Bilbao, kritiko agertu da dekretu berriaren inguruan zabaltzen ari den eztabaidarekin: «Biziki kezkatzen gaitu nola ari den kudeatzen dekretuaren afera: lotsagarria da eragileoi dekretuari buruzko inolako informaziorik bidali ez izana, baina, aldi berean, hedabideetan filtrazioak behin eta berriro egitea». Bilbaoren hitzetan, «argi dago hizkuntza eskubideak alderdikeriekin nahastea dutela helburu». Adierazi duenez, «sinetsarazi nahi digute dekretuaren korapiloa txikia dela, hain zuzen ere, legeak ezarritako eremu ez-euskaldunean euskara ez baloratzea edota alemana bezala baloratu beharko den ebaztea».