Getxoko alkate Imanol Landak jakinarazi du helegiterik ez jartzeko erabakia Bozeramaileen Batzordean. 1980ko maiatzaren 17an adostu zuen Udalbatzak Getxoko plaza bati Eustakio Mendizabal Txikia zenaren izena jartzea. Poliziak hil zuen ETAko kidea tiroz, 1973ko apirilean, haren izena daraman plazatik gertu.
Getxoko Udalaren 1980ko akordio haren kontra egin du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Auzitegi Nagusiak, eta izena aldatzeko agindu dio udalari. Landak baieztatu du izena aldatuko diotela, eta izen berria proposatzerakoan, eskatu du aintzat har dadila inguruko toponimia edo emakumeren baten izena jartzeko aukera.
Proposamenak jasotzean, bizilagunei galdetuko diete, eta alkateak berak erabakiko du izena. PPk ontzat hartu du helegiterik ez jartzea eta izena aldatzea, baina kritiko azaldu da auzitegien bitartez egin behar izan delako. EH Bildu ez da bat etorri helegiterik ez aurkeztearekin; bai, ordea, PSE, Ciudadanos eta Guk Getxo.