Txikitu ez, eta nola handitu?

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Irun eta Hondarribiko alkateek bilera egin dute Hondarribiko aireportuan legezko segurtasun eremua nola eraiki erabakitzeko; erabateko adostasunik ez dago, eta 20 egun barru bilduko dira berriz

UNAI ZUBELDIA - DONOSTIA
2006ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Bai, baina ez. Gipuzkoako Foru Aldundia eta Irun eta Hondarribiko (Gipuzkoa) alkateak ados daude: AENA Espainiako Aireportuak eta Airezko Nabigazioa elkarteak 2005eko azaroan Hondarribiko aireportuko pista txikitzea proposatu zuen (PSOEren proposamena da), baina hori eginez gero, aireportuaren etorkizuna kolokan egongo litzateke. OACI nazioarteko araudiaren eskaerak betez, gaur egungo aireportua 300 metro txikitzea proposatu zuen AENAk. Hala eginda, aireportuak 1.754 metroko luzera eduki beharrean, 1.454 edukiko lituzke. 1.454 metro eta alde banatan legezko 150 segurtasun metroak.

Pistaren neurri horiekin gaur egun Hondarribiko aireportua erabiltzen duten erreakzio hegazkin ertainen jarduna bertan behera geratuko litzateke. «Eta erreakzio hegazkin ertainak dira aireportu honen etorkizuneko gakoak. Ez nazioarteko aireportu bat egiteko, baina bai Gipuzkoako garraio azpiegitura garrantzitsu honek bere jarduna eskaintzen jarraitzeko». Koldo Azkoitia Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Antolaketa eta Sustapenerako diputatuaren hitzak dira.Aireportua txikitu gabe, 2001ean, PPko gobernuak beste proposamen bat ere egin zuen. Aireportua hegoaldetik, Mendelu auzoa dagoen aldetik, 600 metro luzatzea. Hori eginez gero, Mendelu auzo guztia desagertuko litzateke, industrialdea eta etxebizitza eremua. Berehala bizilagunen, alkateen eta agintarien ezezkoa jaso zuen proposamen hark.Horretan ados daude. Proposamen horri ezetz esan diote Foru Aldundiak berak eta bi herrietako alkateek. Ezezkoan ados daude, baiezkoan erabateko adostasunik ez dago, ordea. Horren erakusgarri da atzo Donostian egindako bilera: Koldo Azkoitia bera, Joxe Joan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako ahaldun nagusia, Jose Antonio Santano Irungo alkatea eta Borja Jauregi Hondarribiko alkatea bildu ziren. Bileraren ostean laurak ziren azalpenak ematekoak. Koldo Azkoitia bakarrik agertu zen, ordea. «Bilera giro onean egin dugu. Zeuden kezka asko argitu egin dira, eta nahiko diagnosi bateratua egin dugu. Gauza askotan ados gaude». Gauza askotan bai, baina guztietan ez. Erabateko adostasunik ez dago.Gipuzkoako Foru Aldundiak AENAren proposamenaren aurrean beste bat egin du. «Gipuzkoako interes orokorrak kontuan hartuta». Aireportua hegoaldetik, Mendelu auzoa dagoen eremutik, 300 metro luzatu, eta horrela pistaren 1.754 mantenduta, pista guztia 150 metro hegoaldera mugitzea. 1.754 metro eta alde banatan 150 metroko segurtasun eremua izango luke aireportuak. PPren proposamenean ez bezala, egitasmo horrekin Mendelu auzoko industrialdeari eta etxebizitza bati «soilik» egingo litzaieke kalte. Inguru horretan AENAk egin beharko lituzkeen desjabetzeen prozesua gertutik zaintzeko konpromisoa ere hartu du Azkoitiak.

Erabakiaren atzean, hirigintza proiektuak

Itxuraz, Aldundiaren proposamen horrekin ados daude bai Hondarribiko alkatea eta baita Irungoa ere. Baina hirigintza proiektuak ere badauzkate tartean. Hori da gakoa. Foru Aldundiaren aireportu egitasmoa eta hiri bakoitzaren hirigintza proiektuak uztartzea. Beste hitz batzuekin azaldu zuen egoera hori Azkoitiak: «Irun eta Hondarribiko alkateek Foru Aldundiaren proposamenari dagozkion aspektu tekniko batzuk alderatu nahi dituzte AENArekin, Aldundiaren proposamenaren alde edo kontra egin aurretik». Izan ere, indarrean dagoen Aireportuetako Plan Nagusiarekin Irunen egitekoak diren azpiegiturak ezingo lirateke egin. Foru Aldundiaren proposamenarekin aztertu egin beharko litzateke hirien azpiegitura egitasmo horiek aurrera eramateko zer aukera dagoen. Horretarako eskatu dute denbora.

Ezaugarri tekniko horiek argitu ostean emango omen dituzte akordioaren edo akordiorik ezaren argibideak. 20 eguneko epea aipatu zuen atzo Azkoitiak. «Orduan berriz bilduko gara, datu tekniko gehiagorekin, eta behin-betiko ikuspegiekin». Aurretik, ordea, AENAri bilera bat eskatu diote, Foru Aldundiaren proposamenaren ezaugarri guztiak aztertzeko.Bai, baina ez. Aireportua nahi dute, aireportuaren beharra sentitzen dute, baina nolakoa nahi duten ez dakite. Martxo erdialderako utzi dute erantzuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.