Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi aurten zendutako idazle, hizkuntzalari eta irakasleari buruzko saiakera plazaratu du Fito Rodriguez pentsalari eta idazleak, Erein argitaletxearen Haran bildumaren barruan. Antxon Lafontek zuzentzen du bilduma hori, eta gaur egungo gaiak jorratzen ditu formatu laburrean, liburuak irakurleari hurbiltzeko asmoarekin. Txillardegi du izenburutzat bildumako laugarren zenbakiak; gaur aurkeztu dute, Donostian.
Txillardegiren jardun intelektualak ukituriko arlo eta adar desberdinei gainbegiratua eman die Rodriguezek, "subjektibotasunetik" eta "neutral izateko batere asmorik gabe". Rodriguezek harreman estua izan zuen Txillardegirekin, unibertsitateko irakasle gisa aritu baitziren biak alboz albo zenbait urtez.
Irakaskuntzan ez ezik, ikerkuntzan eta jakintzaren hedakuntzan nabarmendu zen Txillardegi, Rodriguezen iritzian. "Jakin-mina helarazteko gaitasun handia zuen". Hain zuzen ere, Txillardegiri buruzko jakin-mina zabaltzeko helburua du liburu plazaratu berriak. "Zor handia dugu Txillardegirekin. Zorrak kitatzen hasteko modu bat baino ez da liburu hau, ale bat baino ez berak egindakoa kontuan izanda. Gero etorriko dira ale gehiago".
Euskararen inguruan, politikaren bidean, literaturan eta pentsamenduan hark egindako lana biltzen du Rodriguezen saiakerak, 40 orri ingurutan.
Joan den urtarrilaren 14an hil zen Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi, Donostian, etxean, 82 urte zituela.