«Dena baserri xume batean hasi zen, benta xume batean, euskaldunen artean hitz eginez. Herri batekiko maitasuna izan zen elkarrizketa horiek izatera bultzatu gintuen indarra». Horiexek dira ETA. Las claves de la paz liburuaren gibel solaseko azken hitzak. Eta antzeko hitzekin hasten da baita ere Jesus Egigurenen liburua. Txillarre baserrian bildu ziren 2000ko amaieran Egiguren eta Arnaldo Otegi 2006ko prozesua abiaraziko zuten elkarrizketei hasiera emateko.
Urte horretatik 2005era bitartekoa biltzen du liburuaren lehen atalak. Elkarrizketa horien berri Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburu hautatu berriari emateko erabilitako bidea, ETAk Espainiako Gobernuari igorritako gutunen mezulari lanak egin zituenekoa...
2005eko ekainean abiatzen da bigarren atala, negoziazio baten bide orria zehazteko Josu Urrutikoetxea aurrean zuela Genevan eduki zituzten elkarrizketak, eta 2005eko azaroan jarraitzen du hirugarren atalak, Oslon bide orria berrestekoeta hitzarmena lortzeko izandako elkarrizketekin.
Laugarren atalak 2006ko martxoa (ETAren su-etena) eta abendua (T4ko atentatua) biltzen ditu, eta 2007ko azken elkarrizketa saioa ere bai. Tartean, Loiolako elkarrizketak eta Espainiako Gobernuaren eta ETAren arteko negoziazioak.
Liburuaren helburua, Egigurenek dioenez, eraitsitako prozesu horren hondarretatik egungo egoeraren oinarriak sortu direla azaltzea da, eta hori egiten du azken atalean, ezker abertzalearen bilakaera, Aieteko Nazioarteko Konferentzia eta ETAren jardun armatuaren behin betiko amaiera azalduz.
Etorkizunera begira jartzen da, berriz, hitz-atzean. Orain egin beharrekoaz, gatazka armatuaren gai teknikoei heltzea, (biktimak, presoak, ezker abertzalearen legeztatzea), Egigurenen arabera jadanik gaindituta egon beharko lukeena. Eusko Jaurlaritzaren egungo legegintzaldiak bakearena behar duela izan defenditzen du, eta hurrengoak heldu beharko diola «gai potoloari», alegia, «denak eroso egongo diren marko berria zehazteari». Eta ezkortasun apur bat erakusten du, euskaldunen «ohiko paktismoa» alboratu eta abertzaleek euren tesiak «inposatuko» dituzten beldur ageri baita.
Txillarretik Aietera, eta etorkizunari begira
2006ko prozesuaren hondarretatik egungo egoeraren oinarriak sortu zirela defendatzen du Egigurenen liburuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu