Tximeleta ez zen tximeleta jaio. Arrautza izan zen lehen, larba edo beldarra geroago. Krisalidaren itxurapean gordetzen da tximeleta bilakatu baino lehen. Tximeleta, pinpilinpauxa, inguma edo pinpirina, hamaika izen erabiltzen baititu euskarak intsektu hegalaria bataiatzeko.
Tximeletaren irudia aukeratu zuen Topatu gazte informazio egitasmoak Euskal Herriko gazte mugimenduaren azken hamarkadetako historia laburbilduko zuen dokumentala egiteari ekin zionean. Tximeletak, etengabeko metamorfosia izeneko ikus-entzunezko lana da horren emaitza. Joan den azaroaren amaieran aurkeztu zuten, dokumentala jasotzen duen DVDa Durangoko iazko azokan egon zen salgai, eta, geroztik, emanaldi eta aurkezpen ugari antolatu dituzte hainbat herri eta auzotan.
Dokumentala diseinatu eta burutu duen taldeko kidea da Aitor Martinez. "Guk ekarpen bat egin nahi genuen, gazte borrokan aritu diren hiru belaunaldien azterketa bat eginez. Era berean, dokumentala Topatu egitasmoan eragin nahi genituen aldaketetarako tresna izatea ere nahi genuen", adierazi du. Asmo hori gogoan, lanari lotu zitzaizkion. Baina laster ikusi zuten "estrategia aldaketa asko eta birmoldaketa asko" izan dituzten erakunde multzo baten historia kontatu behar zutela. Hortik atera zen tximeletaren irudia erabiltzeko ideia.
"Aitzindariak"
Gazteen borrokaren historia, gazte mugimenduaren bilakaera kontatu nahi zuten Topatukoek dokumentalaren bidez. Eta, hori lortzeko, gazte erakundeek izandako rolari arreta jarri behar zitzaion. Ez baita gauza bera. Martinezek aitortzen du batzuetan akats hori egin dutela gazte erakundeek, askotariko mugimendu baten adierazpen aberats eta maiz kontraesankorrak gazte erakunde politiko antolatuen jarduerara mugatuz, baina antolakunde horien garrantzia nabarmendu nahi du. Ezker abertzalearen esparruan, gazte erakundeak «aitzindariak» izan direla dio, eta gogoan du "behin baino gehiagotan geroago ezker abertzale osoak egin dituen hausnarketa eta planteamenduak hasiera batean gazte erakundeek abian" jarri zituztela.
Franco hil ostean, gazteak antolatzeko lehenengo saioak ezkerreko abertzaletasunaren esparruan EGAM Euskadiko Gaztedi Abertzalearen Mugimendua eta GAI Gazte Abertzale Iraultzaileak izan ziren. Baina dudarik gabe, ezkerreko gazte abertzaleak antolatzeko saioak jauzi bat eman zuen Jarrairen sorrerarekin. Urte askoan, gazte askoren erreferentzia nagusia izan zen Jarrai. Hogei urteko ibilbidean, atxikimendu ugari jaso zituen, eta kritikak ere ez gutxi, Jarraik bere buruari egindakoak barne.
Jarrai, erakunde gisa, 1979an sortu zen, KAS-Gazteak izenpean antolaturiko zenbait gazteren ekimenez. 1979ko apirilean Leioan (Bizkaia) batzar bat egin ostean, erakundea sortzeko batzarra maiatzaren 6an egin zuten, Beasainen (Gipuzkoa), eta jendaurreko aurkezpen ofiziala maiatzaren 10ean izan zen, Bilbon.
Lehenengo urteetan Jarrai "ezker abertzalearen ildoko gazteek osatutako erakundea izan zen, gazte erakundea baino gehiago", Martinezen esanetan. Hori aldatzen hasi zen 1983an, II. Batzarraren karietara. Lan ildoak eta jarduera esparruak zehaztu zituzten, eta, aurrerantzean, irakaskuntza, gazteen aisialdia, drogen arazoa eta soldadutza Jarrairen diskurtso eta praktikaren ardatz bilakatu ziren.
Baina ez kontraesanik gabe. Soldadutzaren inguruko jarrera gertatu zen polemikoena. Orduko talde antimilitaristek ez bezala, Jarraik ez zuen bere egiten derrigorrezko soldadutzara ez joateko deia. Espainiako armada eta horren soldadutza kritikatzen zituen, baina ateak zabaltzen zizkion etorkizuneko euskal estatu independente batean armada sortzeari. Eztabaida hori puri-purian egon zen hainbat urtez.
1980ko hamarkada osoan, euskal gazte mugimenduak gorakada itzela izan zuen. RRV edo Euskal Rock Erradikalaren doinuen eraginpean, gaztetxe, fanzine eta irrati libreen babespean, intsumisioaren aldeko borrokaren abaroan, ordura arte ezagutu gabeko mugimendu batek hartu zituen Euskal Herriko kale eta bazterrak.
Gazte antolakunde politikoak ere giro horren isla eta eragile izan ziren. Jarrai 1987an mila kide inguru eta 140 talde izatera iritsi zen; EMK eta LKI alderdietatik gertuko gazteen eskutik, Kemen eta Iraultza Taldeak agertu ziren hurrenez hurren. 1991n, bat egin, eta Hautsi sortu zuten; Zirikatu, Mendeku eta esparru autonomoko beste zenbait talde agertu ziren, eta, batez ere, Ipar Euskal Herrian Patxa sortu zen 1986an, gazte mugimenduari jauzi esanguratsua eginaraziko ziona, lehenengo aldiz Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko gazteen ikuspegia ekarri baitzuen.
Krisia
Hamarkada ahitzearekin batera, krisia iritsi zen gazte mugimendura, bai eta horren eragile ziren gazte erakundeetara ere: "Jarrai zentralismo demokratikoan oinarritutako erakundea zen", adierazi du Martinezek, "koadro antolakundea, militanteen prestakuntzari eta abangoardia izateari garrantzi handia ematen ziona. Horrek, jakina, talka egiten zuen inguruan sortzen ari ziren batzar bidezko mugimenduekin. Intsumisioaren arloan hori oso begien bistakoa izan zen".
Horren jakitun, Jarraik bere planteamenduak irauli zituen IV. Biltzarrean (1989) eta V.ean (1992). Gazte mugimenduaren aniztasuna eta autonomia aintzat hartuta, mugimendu hori indartzeari eman zioten lehentasuna, eta, Eoin O'Broinek Matxinada liburuan dioen moduan, "ezker abertzalearen gazte erakundea izateari utzi, eta gazte erakunde abertzale eta ezkertiar" bihurtu zen. Dudarik gabe, intsumisioaren inguruko jarrera aldaketa izan zen bilakaera horren pasarterik ezagunena.
1994an, I. Gazte Topagunea antolatu zuen Jarraik, Etxarri Aranatzen (Nafarroa). Hurrengo urteetan, urteroko Gazte Topagune eta mendi ibilaldiak izan ziren Jarrairen lanaren alderik ikusgarriena, baina ez bakarra, horri herrietan egindako lan isila gehitu behar baitzitzaion. Eta horretan bidelagunak aurkitu zituzten: 1995ean, Gazteriak erakundea sortu zen Ipar Euskal Herrian. Bera (Nafarroa Garaia) eta Baigorri (Nafarroa Beherea) lotu zituen mendi martxa (1995) eta 1996an Zaldibian (Gipuzkoa) eta Sohütan (Zuberoan) egindako Gazte Topagunea elkarlan horren emaitza izan ziren.
Orduan hasi ziren lehenengo gazte erakunde nazionala eraikitzeko urratsak. Lanak 2000ko Gazte Topagunean (Kanbo, Lapurdi) eman zituen fruituak. Orduan aurkeztu zen Haika, Gazteriak eta Jarrairen bat egitetik sorturiko nazio antolakundea. "Dena dela", zehaztu du Martinezek, "Haika ez zen ulertzen nazio erakunde baten sorrera gisa, baizik eta nazio erakunde baterantz joateko lehenengo urrats bezala. Kanbokoa amaitu, eta segituan jarri zen abian Amaiur izeneko prozesua, Haika definitzeko bidean".
Jazarpena
Ahalegin horiek errotik moztu zituen Espainiaren jazarpenak. 2001eko martxoan, Haikaren kontrako polizia operazioa jarri zuten abian, eta 21 gazte atxilotu zituzten. Bi hilabete geroago, legez kanpo utzi zuten gazte erakundea.
Segik beteko zuen Haikak utzitako hutsunea. Baina hor ere kontraesanak agertu ziren: "Hego Euskal Herriko ikuspegitik, erabat logikoa zen erakunde berria sortzea", adierazi du Martinezek, "baina Ipar Euskal Herriko ikuspegitik gauzak ez ziren berdin ikusten. Sektore batek bat egin zuen Segiren sortze prozesuarekin, baina beste batek erabaki zuen horretan parte ez hartzea".
Arazoak arazo, Segi 2001eko ekainaren 16an sortu zen, eta berehala lotu zitzaion lanari. Baina historia berriro errepikatu zen: 2002ko otsailean, legez kanpo utzi zuen Espainiako justiziak, eta horri sarekadek eta atxiloketek jarraitu zioten.
"Azken hamarkada honetaz hitz egiten dugunean, beti erortzen gara errepresioaren tranpa horretan, baina egia da horrek asko baldintzatu zuela Segiren jarduera", dio Martinezek. Hainbat ekinbide jarri zituen abian, baina sasian aritu behar izateak eta atxiloketa eta espetxeratzeei erantzun behar izateak asko zaildu zuen Segiren eguneroko lana.
2010ean egindako gogoetaren ostean, Segik ondorioztatu zuen antolakundea "tresna gisa agortuta" zegoela, "ez soilki legez kanporatzeak sorturiko zailtasunengatik; Ipar eta Hego Euskal Herriko errealitate desberdinei erantzuteko ez zen gauza, zenbait jokabide oso errotuak zituelako". 2012ko ekainaren 15ean eman zuen bere burua desegiteko erabakiaren berri.
Tximeletak, etengabeko metamorfosia izeneko dokumentala hor gelditzen den arren, historia ez da horretan bukatzen. Alde batetik, legez kanporatzearen eta kriminalizazioaren estrategiak segitzen du fruitu mingotsak ematen, 2009ko azaroan atxiloturiko berrogei gazte epaituko baitituzte heldu den udazkenean. Baina, beste aldetik, joan den martxoan Ernai gazte antolakunde berriak aurkeztu zuen bere burua, eta, handik gutxira, Gazte Danbada lau eguneko ekitaldia antolatu zuten Urduñan (Bizkaia). Antza denez, mitxeletaren hegaldi luzean ez da etenik izan.