Joan den larunbatetik, emititu ezinik dago Xorroxin irratia. Hasieratik pentsatu zuten arazoak zerikusirik izango zuela denboralearekin, baina, eguraldi txarra zela eta, ezinezkoa izan zitzaien Legate mendian (Nafarroa) daukaten hedagailua ikuskatzea.
Igandean lortu zuten hedagailua dagoen etxola bisitatzea, eta ikusi zuten tximista batek jo zuela etxola eta oinaztarrien kontrako gailua erreta zegoela, baina, horrez gain, tresneriak bestelako kalterik ote zuen konprobatzerik ez zuten izan.
Gaur berriro abiatu dira Xorroxin irratiko kideak Legate mendira, kalteen berri zehatzagoa jakitera. Xorroxinek erabiltzen duen hedagailuak ETBri eta Xaloa telebistari ere ematen die zerbitzua, eta, ondorioz, une honetan telebista horiek ezin dira hartu Baztango leku askotan.