Pekingo agintariek espero zuten moduan, Txinako ekonomia erritmoa galtzen aritu da urtean zehar: 2015eko lehen bi hiruhilekoetan %7ko erritmoan hazi zen, %6,9 hirugarrenean eta %6,8 laugarrenean. Txinako Gobernuak ontzat jo du datua, eta lortutzat jo du duela urtebete finkatutako helburua —hazkundea %7aren inguruan geratzea—. "Hazkundea moderatua izan da, baina egonkorra eta sendoa", azaldu du Wang Baoan estatistika bulegoko zuzendariak. Aurten barne produktu gordina %6,5 haztea espero du Pekinek.
Bere ekonomiaren eraldatze prozesu bete-betean dago Txina. Industria esportatzailean eta inbertsioan oinarritutako ekonomia izatetik, batez ere kontsumoan oinarritutako ekonomia izatera igaro nahi du. Aurreko hazkunde eredua agortzen ari dela erakutsi dute gaur kaleratutako estatistikek. Izan ere, aspaldiko partez jaitsi egin da altzairu ekoizpena (-%2,3), eta energia produkzioak ere hazteari utzi dio. Datu horiek erakusten dute industria ez ezik, etxebizitzen eta azpiegituren eraikuntza ere geldotzen ari dela. Horien ordez zerbitzuak bilakatzen ari dira ekonomiaren indargunea: industria %6,1 hazi da eta %8,2, berriz, zerbitzuak. Horri esker, lehen aldiz, Txinak urtebetean sortutako aberastasunaren erdia baino gehiago zerbitzuek eragin dute (%50,48).
Asko dira Txinak argitaratzen dituen datu ofizialak zalantzan jartzen dituztenak. Azkenaldiko gertakariek susmo horiek handitu dituzte. Abuztuan lehenik eta urtarrilaz geroztik bigarrenik, Shenzengo eta Shanghaiko burtsak amildu egin dira. Azken urteotako neurrigabeko hazkundearen ondoren derrigorrezko jaitsiera bat dago balio galera horren atzetik, baina erorketaren benetako arrazoia egoera ekonomiko uste baino pattalago bat den irudipena zabaldu dute. Datuak manipulatzen direla ukatu du gaur Wangek.