Eskura gogoeta prozesuaren ondotik, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzetik erabakitzera jotzeko urratsa egin du Gure Esku Dago-k. «Erabakiaren aroan» sartu da herri dinamika, larunbateko ezohiko batzarrean esan zutenez. Bide horretan, pauso garrantzitsua emango dute Gipuzkoako Goierrin: eskualde mailako herri galdeketa egingo dute datorren urtean. «Unea iritsi da. Pausoa ematera goaz», esan dute dinamikako kideek bideo baten bidez. Egun berean, galdera berarekin gauzatuko dute erabakitzeko ariketa Goierriko 22 herrietan, eta parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Larunbatean hasiko dute prozesua, 11:30ean Lazkaoko Areria antzokian egingo duten aurkezpen irekian.
«Aro berri honetako txinparta» izan nahi du Goierriko galdeketak, Gure Esku Dago-ko Angel Oiarbidek BERRIAri azaldu dionez: «Hurrengo egunean, Tolosaldean esango dute: 'Eta guk, zer?'. Edo Oiartzualdean, edo Lekeition...». Aurrez ere egin dituzte galdeketak Etxarri-Aranatzen (Nafarroa) eta Arrankudiagan (Bizkaia), baina 70.000 biztanleko eskualde batean egitea «salto kualitatiboa» izango dela uste du Oiarbidek. Pausoak ematea da bidea, eta «aldarrikapen fasetik, ariketara» jotzea da orain erronka. Goierrin ez ezik, Euskal Herrian ere eragin nahi dute. «Eredu bat sortzea da helburua».
Eragiteaz, txinpartak sortzeaz badakite zerbait Goierrin. 2007an sortu zuten Idiazabalen Nazioen Mundua, eta handik hedatu zen Gure Esku Dago-ren txinparta Euskal Herrira. «Bi familia politikoen oreka horrekin sortu zen dinamika», gogoratu du Oiarbidek, eta «topagune» hori elikatzen aritu dira urteotan. 2010eko Igartzako manifestuarekin, esaterako, sentsibilitate politiko askotako 35 lagun elkartu ziren erabakitzeko eskubidearen alde. 2011n, eskualdeko hemezortzi udalek babestu zuten aldarrikapena. «Konplizitate hori areagotzen ari da. Ilusio txinparta izan zen Igartzako manifestua, eta ilusio sute txikiak sortu ziren Euskal Herrian». Orain, galdeketarako baldintzak badaudela uste dute.
Goierrin ez ezik, Euskal Herrian eta inguruko herrialdeetan ere ari dira baldintza berriak sortzen, Oiarbideren esanetan. Eskozia eta Katalunia aipatu ditu, baina baita Espainia ere. «Mugarri izango dira hurrengo bi urteak». Arkitektura juridiko eta instituzionala erabakiko dela ohartarazi du, eta hor badutela zer esana Goierrik eta Euskal Herriak.
«Garai berri bat hasiko da»
Gure Esku Dago-ren ibilbidea «perspektiban» begiratu behar dela dio Oiarbidek. «2013ko ekainaren 8an [giza katea egin zuten Durangotik Iruñera] zain egoteko egoera batean geunden, ez zegoen eremu asko adostasunerako. Konplizitate eta zilegitasun bat sortu dugu. Gaur egun, 240 herritan dago Gure Esku Dago». Orain, lortutako «gihar» hori aktibatu nahi dute, erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena lekuan leku gauzatuz. «Hemen ez da ezer bukatu, hasi egingo da garai berri bat». Galdeketak egingo dituzte horretarako baldintzak dauden herrietan —Diman eta Ispasterren (Bizkaia), esaterako—, eta tokian tokiko adierazpenak gainerako lekuetan. «Asmoa da eskualdez eskualde elkarrekin bildu eta zerk batzen gaituen adostea. Ondoren, horrek emango luke bide kontsultak egiteko».
Herriz herri hasitakoa bateratu eta erabakitzeko ituna adostea izango da hurrengo erronka. Politikarien adostasunaren zain egon gabe, herritarren artekoa bilatuko dute, beraz, datozen hilabeteetan. Oiarbide: «Gure Esku Dago ez da fede kontua, barneratzen ari garen jarrera bat da, gizarte bat ahalduntzera begira».
ERABAKITZEKO ESKUBIDEA
"Txinparta" berria, Goierritik
Larunbatean hasiko dute Goierrin herri galdeketa egiteko prozesua, aurkezpen ireki batekin (bideoa: Goierriko Gure Esku Dago). [Youtube]https://youtu.be/T5SMRcf9Q-0[/Youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu