Gizartea

Txirotasun energetikoaren aurkako plana eskatu dio parlamentuak Nafarroako Gobernuari

Ezkerrak eta PSNk mozio bana aurkeztu dute, eta talde guztien babesa jaso dute.

edurne elizondo
2014ko urtarrilaren 15a
12:59
Entzun

Nafarroako Parlamentuko Gizarte Politiken Batzordeak gobernuari eskatu dio plana onar dezala txirotasun energetikoari aurre egiteko. Ezkerrak eta PSNk mozio bana aurkeztu dute neurriak eskatuz, eta talde guztien babesa lortu dute. Ezkerrako Txema Mauleonek nabarmendu du txirotasun energetikoan diren familien kopuruak gora egin duela Nafarroan, azken urteotan. 2012ko datua eman du Bilduko Bikendi Bareak: "Familien %9,1ek arazoak zituzten haien etxebizitzetan tenperatura egokiari eusteko". Mauleonek nabarmendu du familien diru sarrerek behera egin dutela krisiaren eta langabeziaren ondorioz, eta argindarraren fakturak, berriz, gora. "Txirotasun energetikoak hil egiten du", erantsi du Bareak. Etxebizitzetan tenperatura egokia ez izateak gaixotasunak ekartzen dituela azaldu du, bai eta heriotza ere.

Batzordeko taldeek "egiturazko neurriak" hartzeko beharra nabarmendu dute. UPNk, ondorioz, gaia parlamentuko Gizarte Inklusiorako Nafarroako Estrategia prestatzen ari den batzordeak  jorra dezala eskatu du. PSNk ere, txirotasun energetikoaren aurkako neurriak Gizarte Bazterketaren eta Pobreziaren Aurkako Planaren barruan zehaztu behar direla uste du. NaBaiko Asun Fernandez de Garaialdek, berriz, nabarmendu du txirotasun energetikoaren arazoari aurre egiteko lan erreformaren, edo osasun arloko berrordainketaren gisako neurriek izan duten eragina ere kontuan hartu behar dela. Gobernuari eskatu dio neurriak "lehenbailehen" har ditzala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.