Nafarroan, Elbeteko bestetako mutildantzetan, txistuka eta oihuka hartu dute emakume bat asteburu honetan, dantza egitera sartzeagatik gizonen artera. Eztabaida berotu egin zen dantzara sartutako emakumeen eta ikusleen artean, eta eten egin zituzten eguerdiko eta gaueko dantzak.
Ohituraz, gizonek bakarrik dantzatu izan dute Baztango mutildantzetan. Baina herri batzuetan aldatu dute ohitura hori, eta ekain honetan Plazara Dantzara taldea aurkeztu zuten, Elizondon, emakumeek ere dantza horietan parte hartzera bultzatzeko.
"Badakigu badirela emakume izateagatik gurekin dantzatu nahi ez duten baztandarrak", salatu zuen Plazara Dantzara ekimeneko kideek ekainean: "Ez digute partaide izaten uzten, tradizioa beraiek nahi duten bezala ulertzen ez dugulako".
Elbeteko mutildantzara sartu zen emakumea, hain justu, Baztango alkatea da, Garbiñe Elizegi. Lehenago ere sartu izan dira, bera eta beste emakume batzuk, Baztango mutildantza batzuetara. Eskualdeko herri batzuetan dantza horiek kendu ere egin dituzte festen programetatik, sortu diren eztabaidengatik.
Ostiralean, meza nagusia egin ostean, mutildantza egiten hasi ziren Elbeteko dantzariak, eguerdian. Tartean sartu zen Elizegi, dantzara. Txistuka eta oihuka hartu zuten ikusleetako askok, eta mutildantzan ari zirenak gelditu egin ziren. Dantza bukatu gabe utzi zuten.
Gauean ostera ere egitekoa zen mutildantza, eta berriz errepikatu ziren eguerdikoak. Elizegi eta beste hiru pertsona sartu ziren dantzarien ilaran. Eztabaida berotu egin zen dantzara sartutakoen eta ikusten ari zirenen artean, eta bertan behera gelditu zen ekitaldia, berriro ere.
Baztango Bilduko udal taldeak lehenago ere salatu izan du Elbeten emakumeak "bestatik baztertu" egiten dituztela. Iaz kaleratutako ohar batean, gaitzetsi zuen Elbeteko alkateak "pribatizatu" egin zituela dantzak, "emakumeak egun nagusiko mutildantzatik baztertzeko".