Urteko azokarik gozoena ospatzen ari dira gaur Tolosan (Gipuzkoa), herriko, Arabako, Gipuzkoako, Bizkaiko, Ipar Euskal Herriko eta Errioxako (Espainia) gozogileek euren produktu onenak eskaini dituztelako Tolosa Goxua azokan.
Eta Gorrotxategi, Ezeiza, Gorosti, Gozona eta Saizar Tolosako gozogileek zer egingo, eta sei metro luzeko, 1,5 metro zabaleko eta hiru zentimetro lodierako txokolate tableta, Natra-Zahor etxearen 50 kilo txokolaterekin. Guiness mundu errekorra lortu dute. Ondoren, bertara joandako lagun ugariren artean banatu dute; 2.015 pieza egin dituzte.
Txokolatea ez ezik, txurroak ere jan dituzte han, Tolosako txurreriak bezeroen artean 2.015 txurro banatu baititu.
Berriz ere, beraz, 2.015 zenbakia. Izan ere, 'Tolosa 2015' proiektuari egiten dio aipamen. Herri eramangarriagoa lortze aldera, Udalaren, herriko elkarteen eta tolosarren artean prestatzen ari diren plana da.
Sagar tarta lehiaketa ere izan da azokan, Gorrotxategi Museoa bisitatzeko aukera izan da, Gorrotxategik Tolosako gorringoak gerezia eta 28 zapore ezberdinetako txokolate tabletak eraman ditu, Gipuzkoako Esklerosis Anizkoitzaren Elkarteak txokolate beroa eta pastak salgai jarri ditu, Ourenseko (Galizia) almendratua ezagutzeko parada izan da... Esandakoa: urteko azokarik gozoena.
gizartea
Txokolate mundiala!
Tolosako gozogileek sei metro luzeko, 1,5 metro zabaleko eta hiru zentimetro lodierako txokolate tableta egin dute, munduko marka hautsiz. Tolosa Goxua azoka ospatzen ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu