Presoen argazkiak erakustea, berez, ez da delitu. Horixe ebatzi du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Delitu izateko, indarkeria goratu edo biktimak iraintzeko nahia izan behar du ekimenak, auzitegiak ohartarazi duenez. Eta 2008ko Bilboko Aste Nagusian Txori Barroteren txosnan Bilboko presoen argazkiak erakutsi izanagatik irailean epaitu zituzten lau konpartsakideak absolbitu egin ditu auzitegiak, argazkiak jartzeak helburu hori zuenik ezin dela baieztatu arrazoituta.
«Terrorismoa goratzea» eta «biktimak umiliatzea» egotzita epaitu zituzten irailaren 9an Alex Zuloaga, Gurutze Olagorta, Borja Irizar eta Aitziber Urrengoetxea Bilboko Txori Barrote konpartsako kideak. Hemezortzi hilabeteko espetxe zigorra eskatu zuen fiskalak bakoitzarentzat, eta DyJ Dignidad y Justicia elkarteak -akusazio partikular gisa ari da- bina urtekoa. Horrez gain, DyJko presidente eta ETAk hil zuen Luis Portero fiskalaren seme Daniel Porterori 12.000 euroko kalte ordaina ematea eskatu zuen DyJk, «aita hil zutenen argazkiak ikusteak eragindako kalte moralengatik». Hain zuzen, Porterok berak jarri zuen auzibidean konpartsa, kereila aurkeztuta.
«Ezin esan daiteke terrorismoa goratzen duenik ETAko presoen hurkoek haien aurpegien argazkiak txosnan erakusteak presoak Euskal Herrira hurbiltzeko edo Parot doktrina ez ezartzeko eskatuz, ez dagoelako froga zehatzik preso horiek goratu edo justifikatzeko nahia zegoela esateko», azaldu du Alfonso Guevara buru duen epaimahaiak.
Halaber, epaileen ustez, «ezin da ondorioztatu biktimak mespretxatu edo umiliatzeko ekintza denik argazkiak erakustea euren senideak familia-etxeetatik gertu dauden kartzeletara hurbiltzeko eskatzeko [...], akusatu guztiak baitira argazki horietan dauden pertsonen senitartekoak, eta haien ustez, presoen eskubideak aldarrikatzeko baliabide gisa justifikatzen baitute argazkiak erakustea». Horrez gain, auzitegiak azaldu du txosnan ez zegoela ETAren ikurrik, eta zeuden logoak, ETAk erabiltzen dituen arren, ez direla ETArenak.
Edozelan ere, argazkiak ikusteak biktimen «sentiberatasuna» mindu dezakeela diote epaileek. Baina hori saihesteko neurriak bide administratibotik hartu behar zirela.
Hori guztia aintzat hartu eta Auzitegi Gorenak zein Konstituzionalak ezarritako jurisprudentzia jarraituta, akusatuak absolbitzea erabaki du Auzitegi Nazionalak. Hala ere, epaia ez da oraindik irmoa, akusazioek helegitea aurkezteko aukera baitute.
Absolbituak, pozik
Argazkiak erakustean Txori Barrotek ez zuela deliturik egin ebatzi ondoren, ezbaian geratu da Bilboko Udalak Txori Barroteri berari zein Kaskagorri konpartsari jarritako debekua. Presoen argazkiak erakutsi izanagatik bi urtez txosna jartzea debekatu zien aurten udalak, eta horrek Bilboko Konpartsen haserrea eragin zuen. «Epaiak eragina izan behar luke», esan dio BERRIAri Zuloagak, epaiarekin pozik. «Udalak hanka sartu duela onartu behar luke».
Herrizaingo Sailak ohar bidez adierazi du ez dagoela ados, erabakia errespetatzen duen arren.
Txori Barrotekoak absolbitu dituzte, argazkiak erakustea ez delako delitu
Bi urtez txosna jartzea debekatu zioten, eta epaiak orain eragina izan beharko lukeela esan du absolbitu batek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu