Gaur arratsaldean izan dute bilera Txoerri eta Mungialdeko Bizkaibusen lineak kudeatzen dituen GAM Txoerri enpresako langile batzordeak eta zuzendaritzak. CCOOk eta UGTk dituzten sei ordezkariek —bederatzi dira osotara— sinatu dute. Datorren asteartean egingo diren asanbladetan berretsi beharko dute langileek. Bien bitartean bertan behera geratuko dira lanuzteak.
Maiatzaren 23an lortutako akordio oinarria atzera bota zuten langileek.
ELA sindikatuak gogor gaitzetsi du akordioa. Ohar batean salatu duenez, ez du mobilizazioetako aldarrikapen nagusia jasotzen: enplegurik ez dela amortizatuko bermatzeko eskatzen zuten. Era berean, langileen asanbladak "horretarako arrazoirik gabe" datorren astera atzeratu izana ere gaitzetsi du.
GAM Txorierriko langileekin batera, Pesalurrekoak ere mobilizazioekin dabiltza. Durangaldeko, Arratiako eta Hego Uribeko Bizkaibusen lineak kudeatzen dituen enpresa da. Enpresa horretako langileek mobilizazioekin jarraituko dute bihar, oraindik ez baitute enpresarekin bilerarik adostu ere egin. Bihar eta etzi, bada, 07:00etatik 11:00etara eta 17:00etatik 21:00etara gutxieneko zerbitzuak baino ez dira egongo linea horietan. Aurretik akordiorik lortu ezean, datorren astean ere ordutegi bera izango dute, astelehenetik ostiralera.